Ordiziako 48. Gazta Txapelketa asteazkenean egingo da
Beti Alai pilotalekuan egingo dute gazta txapelketa, ateak itxita eta neurri bereziak hartuta. Gazta irabazlearen enkanteko dirua Lagunkiro elkarteari bideratuko diote, adineko pertsonen ongizatea bermatzeko duen proiektuarekin lanean jarraitzeko.
Datorren asteazkenean, hilak 8, ospatuko da Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako 48. Gazta Txapelketa Ordizian. Gaur goizean aurkeztu dute ekitaldia, Ordiziako D’Elikatuz zentroan. Egun horrek ekarriko duenaren inguruko xehetasun guztiak eman dituzte Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Joxi Iturrioz Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak eta Kutxa Fundazioko Garbiñe Etxezarretak.
Ezenarrok aurreratu duen moduan, “pandemia existituko ez balitz, Euskal Jaien aurkezpen eta jaialdi horretarako ekintza zabalaren berri ematen egongo ginen, baina hori ez da errealitatea, guztiok ondo dakigun moduan, eta iaz bezala, aurten ere, Euskal Jaiak ez dira ospatuko Ordizian. Etorriko dira guztiok elkarrekin ospatzeko uneak, baina orain, arduraz jokatzea dagokigu”.
Beraz, aurtengoan ere gazta txapelketara murriztu dute egitaraua. Asteazkenean egingo dute, Beti Alai pilotalekuan, eta COVID-19 testuinguruan bete beharreko neurri guztiak hartuta. Horregatik, Beti Alai pilotalekuan ateak itxita egongo dira, eta gazta txapelketa bertatik bertara jarraitzeko, gonbidapena beharko da.
Aurrikusitako ordutegiaren arabera, 8:30ak eta 9:00ak artean txapelketan parte hartuko duten gaztak frontoira eramango dituzte. 9:00etatik 10:00etara egiaztapen prozesua egingo dute, eta guztia prest jarri ondoren, 10:30ean hasiko da epaimahaia gazta dastatzen. Aurtengo irabazlearen izena, 13:00a aldera emango dute, eta 13:30ean hasiko da sari banaketa. Jarraian egingo dute gazta irabazle erdiaren enkantea.
Pilotalekuaren kanpoan, azken hamar urteotan txapelketa irabazi duten artzainek postuak jartzeko aukera izango dute, eta haien produktuak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bestalde, Ordiziako asteroko azoka egingo dute, asteazkenero moduan.
“Urte zailak”
Osasun larrialdiak sektore guztietan izan du eragina; baita lehen sektorean. Ezenarrok berak hala jaso du: “Artzainentzat eta Idiazabal Gaztarentzat urte zailak izan dira, bai iazkoa, bai aurtengoa. Badakigu txapelketa honek duen oiartzuna oso lagungarria dela beraientzako, eta Ordiziako Udalak lehen sektorea babesteko apustu sendoa egin du”. Erantsi du, bide horretan ez daudela bakarrik, “Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntza izan dugu, nola ez Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren babesa, eta urte zail hauetan, betiko laguntza eskaini digun Kutxa Fundazioaren laguntza”. Ordiziako alkatea, oso eskertuta agertu da: “Eskerrak bihotzez guztiei!”.
Bigarren urtez jarraian, Gazta Txapelketa ez da ohiko moduan egingo, murrizketak eta neurri bereziak hartuta egingo da. COVID-19ak, antolaketa eta distantziak zorrozki beteko dituzte. Gauzak horrela, gazta epaimahaikideen artean banatzerakoan ere, neurri bereziak hartuko dira, gazta ez ukitzeko, desinfekziorako gel bereziak erabiliko dira eta higiene neurriak indartu dira.
Epaimahairi dagokienez, 16 pertsonek osatuko dute. Ezenarrok aurreratu du “Pedro Subijana ezingo dela Ordizian egon peronea hautsi duelako”. Haren ordez, Ander Gonzalez sukaldaria egongo da. Gonzalezek ere ongi ezagutzen du Ordiziako gazta txapelketa.
Sariei dagokienez, aurreko urteetan bezala mantendu dira. Txapelketaren irabazleak, txapela, diploma, Kutxa garaikurra, 1.750 euro eta Ordiziako irabazlearen 12.000 pegatina gaztatan ipintzeko. Bigarren sailkatuak, Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 850 euro. Hirugarrenak, Ordiziazko Udalaren garaikurra, diploma eta 500 euro. Laugarrenak, diploma eta 250 euro eta bosgarrenak diploma eta 220 euro.
Sariekin jarraituz, aurtengoan urrezko kutxa saria banatzea posible izango da. Garaikur hori, azken 10 urteetan gazta txapelketa bi bider irabazi eta aurten hirugarrengoz irabazten duenak eraman ahalko du. Bi dira aurten sari hori irabazteko aukerak dituztenak, Zeanuriko Jon Etxeberria eta Lekarozko Kortariako Julen Arburua.
Kutxa Fundazioaren ordezkaria Garbiñe Etxezarretak esan du, “zailtasunak zailtasun, iritsi da beste behin ere Ordiziako 48. Gazta Txapelketa, eta urtero bezala, Kutxa Fundazioak babesle nagusi gisa, jarduera honi lotuta darrai”. Urte batzuk badira Kutxa Fundazioak txapelketa babesten duela eta Etxezarretak nabarmendu duen moduan aurten ere babestuko du sari nagusiarekin. “Artzainez artzain, ibilbide luzea egin du gaztagintzak, eta ondare ere bihurtu da. Kutxa Fundazioaren baitan, ekonomiaren eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzea egonik, eta sari hauen helburua da gaztagintzaren garapen horixe sustatzea eta ikusgarritasuna ematea da, eta bide batez, sektoreak egiten duen lanari aitortza egitea”. Etxezarretak ez du zalantzarik, Ordiziako Gazta Txapelketa “erreferente” da eta bertan parte hartzen duten ekoizleak “erreferente bihurtzen ditu”. Horrek, “gaztagintzaren etorkizuna bermatzen lagunduko du” eta Kutxa Fundazioak bide horretan babesa erakutsi du.
Txapelketan parte hartzeko, gaztak aurkezteko azken eguna astelehena, hilak 6 izango da.
Enkantea
Bestalde, gazta irabazlea ezagutu ondoren enkantea egingo dute. Ordiziako alkateak azaldu du, urtez urte enkantean ordaindutako dirua San Jose adinekoen egoitzara bideratu izan dela. Aurten, iaz bezala ez du San Josek jasoko dirua, egoitzaren eskumena Eusko Jaurlaritzak du, baina herriko adineko pertsonen ongizatea bermatzen jarraitu nahi dutenez, Lagunkiro elkarte ordiziarrari bideratuko diote. Lagunkiroko kideek, bakarrik dauden adinekoei laguntza ematen diete, eta San Jose egoitzan aisialdi ekintzak ere antolatzen dituzte egoiliarrentzat, besteak beste. Lagunkirok horrelako ekintzak egiten jarraitu ahal izateko izango da enkantean eskuratzen den dirua.
Lehiaketa, zuzenean
Beti Alai pilotalekuan sartzeko gonbidapena beharko da, baina herritar guztiek zuzenean jarraitu ahalko dute 48. Gazta Txapelketaren 14 gazta finalisten lehia, sari banaketa eta enkantea, Ordiziako Udalaren Youtubeko kanalaren bidez. 12:00etik aurrera izango da.
Gazta ekoizpena behera
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako Joxi Iturriozek, 2021eko kanpainaren inguruko datuak plazaratu ditu. Gaztandegiei dagokienez, gaur gaurkoz, 125 ekoizle daude Idiazabal jatorri izendapenaren barruan.
Ekoizpen datuei dagokienez, 2021eko aurreikuspenen arabera, iazkoa baino baxuagoa izango da produkzioa, “%5 gutxiago”. Iaz ere beherakada eman zen, 2019eko datuekin alderatuta.