«Zoriontasuna norbere barruan dago, atea ireki besterik ez dela»
Herenegun utzi zuten Goierri Pasiotarrek, mende bat baino gehiago Gabirian eta Urretxun egon ostean. Jesus Mari Iturriotz apaiza (Legorreta, 1941) ikasle izan zen, irakasle gero, eta azken hiru apaizetakoa.
Gabiriako ikastetxera nola iritsi zinen gogoan al duzu?
Oraintxe 69 urte, 1952ko abuztuaren 26an iritsi nintzen, 11 urte eta 4 hilabeterekin. Kuadrilla ginen, 26 bat guztira. Legorretan 15:00etako Renferen trena hartu nuen, eta Urretxuko etxeraino. Han beste lagunekin elkartu eta gero, kamioiaren kartola prestatu ziguten, eta kartolan joan ginen Gabiriara. Orduan ez zegoen autobusik.
Zer irudipen izan zen 11 urteko mutiko batentzat?
Mundu berria zen hangoa, baina egokitu egin ginen. Denak egoera berdintsuan gindoazen, eta lagunak egiten dituzu. Ez zen gogorra izan. Artean oso ume nintzen, baina familian halakoxe giro ona izan nuen, eta haiek bultzatuta, ondo moldatu ginen.
Nolako ikastetxea zen garai hartan Gabiriakoa?
Pobrea. Aula magna edo horrelako bat zegoen, ez klaseak zatituta, eta denok batera ikasten genuen. Gogoratzen dut lehenengo eskola-eguna: liburu zahar-zahar bat, latina zen gainera ikasi beharrekoa, eta nik irakurri beharreko hitz guztiak ezezagunak. ‘Zer duk hori?’. Bi ordu liburu horren gainean.
Gaztelaniaz ere larri agian, eta latinez hasi behar.
Ez genekien. Euskaraz ohitutako batentzat beste mundu bat zen. Baina beti lagun zaharrago bat jartzen ziguten alboan, pixka bat animatzeko eta laguntzeko. Ez ginen bakarrik egoten.
Gainera, «euskaraz ahal duzuen gutxiena hitz egin, hemen erdaraz ikasi behar duzue» esaten ziguten. Ikasketak egiteko behar zen erdara, eta nahiko lanak. Halaxe izan zen.
Pasiotarren eskola hartan euskal kultura eta euskara irakasten zen fama zabaldu da, bada?
Eta hala zen; lehen esan dizudana ez zen euskararen kontra, baizik ‘hauek erdara ikasi behar dute, bestela nola egingo dute aurrera?’. Beste arazo bat zen. Baina euskara zaletasuna zegoen han, eta euskara irakasten lehenengo urtetik hasi zitzaizkigun, gramatika eta.
Gainera, gogoan dut hil berria den Koldo Sarasola nola etorri zen egun batean, 3. mailan irakasle izan nuen, eta euskarazko liburu mordo batekin, euskaraz ikas genezan gu animatzeko. Inoiz animatu gintuen bertso batzuk egitera ere. Orduan umeak, ezer inondik erakutsi gabe, eta zer egingo genuen guk? Gero, guk egindako eskasia berak zuzentzen zuen, eta politago jartzen zituen bertsoak! [barrez]
Euskaltzaletasuna erein zizueten, beraz.
Bai, nabarmen, Gabirian esnatu ziguten irrika. Nik hiru urte bakarrik izan nituen han. Gabirian jende gehiago hartu nahi zuten, eta guk Deustura, Bilbora joan behar izan genuen. Sarasola gurekin etorri zen, eta euskara erakusten jarraitu zuen. Mila olerki eder liburua denontzat lortu zuen, ez dakit nola. Orduan isilean ibili behar izaten zen.
Apaiztu ondoren, irakasle aritu zinen zu zeu ere.
Eubako Seminarioan hasi nintzen, eta hark eraman ninduen irakaskuntzara. Han bihurri samarrak izan ginen, eta beste leku batera bidali gintuzten. Orduan etorri nintzen Urretxura, eta ikastolan buru-belarri egon nintzen. Lehenengo, Arrasateko ikastolan hasi nintzen; gora-beherak ziren han, ikastolaren hasiera zen, tentsio handiak sortu ziren irakasleekin. Hara deitu zidaten ikastolak aurrera egin zezan; bi urte egon nintzen. Urretxuko ikastolan jarraitu nuen beste urtebete, eta gero zuzendari bezala bost urte egon nintzen. Zuzendaritzan ikusi genuen Pasiotarrena ez zela hezkuntza mailan ikastolak-eta edukitzea, eta hori jada gurasoen eskuetara pasatu genuen. Gasteizko Durana ikastolan eta Eubako ikastolan ere Erlijio irakasle izan nintzen gero, ilusio handiarekin.
Orain, aldaketa duzue berriz.
Urretxu uztea tokatzen zaigu etzi [herenegun, irailak 1; elkarrizketa astelehenean egina da]. A Coruñara joango naiz, Galiziara. Kargua eman didate, printzipioz; harritzekoa da 80 urterekin oraindik horretan pentsatzea, baina eskasia eta zuloak halakoxeak dira, eta elkarri lagundu beharko diogu. Horretara noa. Jon Esnaola Garate urretxuarra dago han nagusi bezala, eta nire irakasle izandako Alejandro Lejarreta ere bai, 92 urtekoa. Urretxun eduki nituen hiru lagun gailegoak, eta orain elkartekide izango ditut.
Galizieraz ikasi beharko duzu.
Bai jauna! Euskaraz funtzionatzen dute, eta elkarrekin euskaraz egingo dugu. Orain arte beti lanean euskaraz ibili, eta halaxe pentsatu dute bada. Ahal duguna han egingo dugu, baina euskara ez dut uste utziko dudanik.
Agurretan, herriak asko eskertu dizue Goierrin egindakoa.
Bai. Oso gustura ibili naiz, han eta hemen, eta orain ere esperantza hori daukat. Bertako jendeak laguntza bikain-bikaina eman dit, eta gustura. Katekesian umeekin ibili naiz, eta oso gustura ibili nintzen; bereziena hori izan da. Zoriontasuna norberaren barruan dago, eta ateak zabaltzea besterik ez dago.