Nicolas Alustiza zumarragarra garaile Liernin
Bellota taldekoak irabazi ditu errepideko eta erlojupeko lasterketak. Ampo-Ikolanek lehenengo postua eraman du taldekako sailkapenean, eta mendikoan Xabier Intxausti segurarra izan da garaile
Lierniko txirrindulari proba urtero auzoko jaiaren inguruan antolatu ohi duten arren, aurten bertan behera geratu dira Lierniko Jaieko ospakizunak. Nolanahi ere, txirrindularitza probarekin aurrera jarraitzea erabaki du Segurako Txirrindularitza Elkarteak, eta gaur goizean jokatu dute 40. Lierniko txirrindularitza proba. Bi lasterketaz osatutako proba izan da gaurkoa, errepidekoa alde batetik, eta erlojupekoa bestetik.
Bellota taldeko Nicolas Alustizak lortu du garaipena gaurko proban. Zumarragarra izan da errepideko lasterketan lehen postua lortu duen txirrindularia, eta haren atzetik heldu dira Ampo-Ikolan taldeko Unax Iztueta bigarren postuan eta Aviron Bayonnais taldeko Maxime Renoux hirugarrengoan. Taldekako sailkapenean Ampo-Ikolan izan da nagusi gaurkoan, eta mendiko sailkapenean talde bereko Xabier Intxausti segurarrak lortu du garaipena.
Errepideko probako lehenengo 40 sailkatuek erlojupeko proba jokatu dute gero, 4 kilometroko lasterketa batean. Segurako eta Mutiloako bidegurutzetik abiatu eta Lierniko gainera ahalik eta azkarren joatea zen helburua, eta hemen ere Nicolas Alustizak eraman du lehen postua. Bigarren postu hau ere Unax Iztuetarentzat izan da erlojupekoan, eta hirugarrena, berriz, Elgoibarko Lagun Taldeako Jokin Amorrostarentzat.