Reala garaile Zumarragako Luis Urdangarin futbol zelaian
Realak, Osasunak, Arnedok eta Urolak haur mailako lagunarteko txapelketa jokatu dute Urolaren 50. urteurrenaren harira
Urtero bezala, denboraldiarekin hasi baino lehen lagunarteko txapelketak jokatu dituzte asteburu honetan Zumarragako futbol zelaian. Urola futbol taldeak 50. urteurrena ospatuko du denboraldi honetan, eta horren harira, urtero jokatu ohi diren ohorezko mailako gizon eta emakumeen txapelketez gain, infantil mailako txapelketa ere antolatu dute aurten.
Gaur goizean Luis Urdangarin futbol zelaian elkartu dira Reala, Osasuna, Arnedo eta Urola lagunarteko txapelketa jokatzeko infantil mailan. Aurreko denboraldian, koronabirusak sortutako egoera dela eta, haur hauek ez zuten lehiatzeko aukerarik izan, eta horregatik gogotsu hartu dute gaurko eguna. Gainera, edukiera %30ean dagoenez, jende ugari hurbildu da zelaira.
Sailkapenei dagokionez, laugarren postuan Arnedo taldea geratu da. Hirugarren postua Urolak eraman du, eta finala, berriz, Reala eta Osasunaren artean izan da. Emozioz beteriko final honetan, 1-1 geratu dira bi taldeak, eta azken penaltietan Realak lortu du garaipena.