Zeraingo Basazabal gaztandegiak irabazi du Gipuzkoako 37. Ardi Gazta Txapelketa
Basazabal gaztandegiko Franciso Javier Muñoak lortu du Gipuzkoako 37. Ardi Gazta Txapelketako lehen postua
Pasa den urtean bertan behera geratu zen arren, aurten berriro ere Gipuzkoako Artzain Egunaren ospakizuna hartu du Legazpik, eta honen harira, Gipuzkoako Ardi Gazta Txapelketa ospatu dute azokan, aurtengoa 37. edizioa izanik.
Epaimahaia bederatzi pertsonek osatu dute. Tartean izan dira Idiazabal jatorri deiturako hiru dastatzaile eta Gipuzkoa kanpoko hiru artzain, eta horiekin batera, hiru legazpiar ezagun: Maria Redondo aktorea, Euskal Herriko Trikitixa elkarteko lehendakaria den Agurtzane Elustondo, eta Alfredo Medina, Mantxako gaztaren kofradiako maestrea.
Goiz osoa dastatze lanetan eman ondoren, azkenean ados jarri da epaimahaia eta aurtengo lehenen postua Basazabal gaztandegiko Franciso Javier Muñoari ematea erabaki dute. Pasa den urtean 36. edizioa irabazi zuen Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk bigarren saria lortu du gaurkoan, eta hirugarrena, berriz, Goienetxe gaztandegiko Beñat Egañak. Legazpiar onenaren saria Aitor Mantxolaren Makatza gaztandegiak irabazi du.
Lehen 10 sailkatuak urrian jokatuko den Euskal Herriko lehiaketara pasa dira zuzenean, eta honelaxe geratu da gaurko sailkapena:
- Franciso Javier Muñoa (Basazabal)
- Eneko Goiburu (Ondarre)
- Beñat Egaña (Goienetxe)
- Olalde gaztandegia
- Joseba Insausti (Otatza)
- Ander Barandiaran (Gaztañaditxulo)
- Beizama gaztandegia
- Troskaeta gaztandegia
- Intzartzu gaztandegia
- Baztarrika gaztandegia
Sari banaketarekin hasi baino lehen, Legazpiko Udalak eta Artzain Egunaren antolakuntzan urtero lanean dabilen jendeak, aurten zendu den Eugenio Mendizabal artzaina gogoan eduki nahi izan du, urte luzez ibili baitzen iraileko lehen igandean Legazpiko plazan, gazta era zaharrean nola egiten zen erakusten. Bertan egindako lanagatik, oroigarria eta lore sorta jaso dute Eugenioren familiak Koldobike Olabide Legazpiko alkatearen eskutik.