Pentsiodunek kaleak hartu dituzte berriro
Ordiziako eta Urretxu-Zumarragan elkarretaratzeak egin dituzte pentsio publiko duinen alde. Urriaren 1erako eta azaroaren 13rako mobilizazioak deituko dituzte.
Abuztuko etenaren ondoren, pentsio publiko duinak exijitzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Ordizian eta Urretxu-Zumarragan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Goierriko Pentsiodunek deituta. Duela hiru urte baino gehiago hasi ziren kaleko mobilizazioekin, baina nekaezin, “indar handiagoz borrokatzen jarraitzeko” beharra ikusita aldarrikapenak kalera ateratzen jarraituko dute astelehenero, gaur egin duten moduan. Izan ere, eta gaurko bilkuran agertu duten moduan, “premiazkoa da Espainiar Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektuan jasotzen diren murrizketa berriak baztertzea”.
Horren aurka, urriaren 1a, adineko pertsonen eguna baliatuko dute, “kalera atera, eta adinean aurrera egin ahala eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko zerbitzu publiko unibertsalak eskatzeko”.
Azaroaren 13rako ere mobilizazioak deitu dituzte. Egun horretan, Hego Euskal Herriko kaleak bete nahi dituzte, pentsio duinen aldeko ahotsa ozen entzun dadin.
Pentsiodunen mugimenduak garbi du; “gure argudioekin eta mobilizazioekin erakutsi dugu Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela, eta lortu dugu pentsioen errebalorazioa bizi kostuaren hazkundearen arabera egitea, baina Gobernuak abuztuaren 24an onartutako Lege Proiektuaren edukia ezagutu ondoren, salatu nahi dugu, 2011ko pentsio erreformak indarrean jarraitzen duela, pentsioak urtez urte murriztuz, Iraunkortasun Faktorea izenez bakarrik aldatuko dela, gure aldarrikapenak ez direla kontuan hartu eta ez direla bete”.
Gaineratu dute, “Toledoko Ituna, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia eta Gobernuaren Lege Proiektua ez dira tresna izan pentsiodun gehienen beharrak asetzeko: gomendio eta akordioek aurreko murrizketa ia guztiak mantentzen dituzte, eta murrizketa berriei ateak zabalik uzten dizkiete”. Pentsiodunen iritziz, “helburua da pentsioak berriro murriztea eta lan bizitza luzatzea”.
Pentsioetan bakarrik ez, hainbat zerbitzu publikoetan “murrizketak” izan direla ere salatu dute, kezka erakutsiz, herritarren bizi kalitatean eragina izango duelako. “Murrizketak osasunean, eta zerbitzu soziosanitarioetan, zuzeneko arretako zerbitzuetan, adibidez, bankuak pandemia baliatzen ari dira sukurtsalak ixteko eta arreta pertsonalizatua murrizteko, elektrizitatearen monopolioak argiaren ordainagiria handitu du,…”. Horrek guztiak, “gizartearen pobretzea” dakarrela salatu dute Goierrin.
Gertatzen ari den guztiaren aurrean irtenbideak eskatu dituzte. Hala nola, Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete, “beharrezko guztia egin dezatela 2011ko eta 2013ko pentsioen, eta 201eko eta 2012ko lan kontratuen erreformak behingoz indargabetzeko; kalitatezko enpleguak sor ditzatela languleen bizitza duintzeko; eta Gizarte Segurantzaren diru sarrerak hobetu ditzatela gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko duinak bermatuz”.