Martxan dira Ormaiztegiko Irai Errotako industrialdea eraikitzeko bi urteko lanak
Aurrekontua 6.024.635,44 eurokoa da. Bi pabilioi Ormaiztegiko Udalarenak izango dira; horietako batean, udal biltegia jarriko dute. 81.155 metro karratuko azalera du sektoreak
Dagoeneko martxan dira Ormaiztegiko Irai Errota inguruan industrialdea eraikitzeko lanak. 2007an ekin zioten proiektuari, eta uztailean sinadura akta eta urbanizazio proiektua sinatu ondoren, abuztuaren 2an hasi zituzten lanak. Ondo bidean, 2023rako amaituko dituzte, bi urteko iraupena izango baitute. Lanen aurrekontu orokorra 6.024.635,44 eurokoa da eta Construcciones Moyua S.L enpresari esleitu zaio.
Irai Errotako 19 sektorean egingo dute industrialdea. 81.155 metro karratuko azalera dauka, Eztanda ibaiaren ibarrean, Beasain eta Zumarraga lotzen dituen GI-2632 errepide zaharraren, Irai Errota baserriaren eta Iberdrolaren azpiestazioaren artean kokatuta. Poligono osoko plataformen dimentsionamendua 27.273 metro karratukoa izango da.
Bi eremutan banatuko dute industrialdea, eremu bakoitza Eztanda ibaiaren ertz batean: batean, partzela bakarra kokatuko dute, enpresa bakarrak har dezan; eta bestean, pabilioi-eremu bat eraikiko dute. Ormaiztegiko Udalarenak izango dira pabilioi horietako bi. Jon Enrique Galarza alkateak azaldu duenez, udal biltegia jarriko dute horietako batean: «Besterako hainbat proiektu ditugu, salmenta aukeretako bat da». Beste zein enpresa egongo diren ez du aurreratu udalak.
Hamabost urte
2007an proiektua abian jarri zutenetik, hainbat gorabehera eta arau aldaketa izan dituzte. Urte hartan lehen plan partziala onartu zuten, baina 2017an aldatu eta plan partzial berria onartu zuten, behin betiko. Aurtengo urtarrilean Alkatetzaren R-21/010 Ebazpena eman zen, uztailean obraren zuinketa eta hasiera akta, eta abuztuan ekin diete lanei, bi urtetan bukatzeko helburuz.
Sprilur S.A izan da proiektuaren sustatzailea. Udalaren esanetan, urte asko daramate elkarlanean «helburu argi baten atzetik: aurre egin beharreko susperraldiaren eta eraldaketa ekonomikoaren erronkei erantzutea». «Gazteentzako lana eta ongizatea ekartzea» espero dute proiektuaren bidez.