Ordizian 45 gazta lehiatuko dira bihar
Bigarren urtez jarraian, Euskal Jaiak bertan behera geratu dira baina gazta txapelketa egingo dute. Bihar, asteazkena, Beti Alai pilotalekuan izango da; gonbidapenarekin bakarrik sartu ahal izango da.
Bigarren urtez jarraian, Euskal Jairik ez da ospatuko Ordizian, COVID-19 testuinguruan, hala erabaki baitu udalak, baina iaz bezala, gazta txapelketa egingo dute. Bihar, asteazkena, egingo dute Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako 48. Gazta Txapelketa; 45 gazta izango dira lehian. Xehetasun guztiak eman zituzten Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Joxi Iturrioz Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak eta Kutxa Fundazioko Garbiñe Etxezarretak, D’Elikatuz zentroan egin zuten aurkezpenean.
Ordiziako alkate Ezenarro hala hasi zen esaten: «Pandemia existituko ez balitz, Euskal Jaien aurkezpen eta jaialdi horretarako ekintza zabalaren berri ematen egongo ginen, baina hori ez da errealitatea, guztiok ondo dakigun moduan, eta iaz bezala, aurten ere, Euskal Jaiak ez dira ospatuko Ordizian. Etorriko dira guztiok elkarrekin ospatzeko uneak, baina orain, arduraz jokatzea dagokigu».
Hala, aurten ere, bihar ospatuko den gazta txapelketara murriztu dute egitaraua. Beti Alai pilotalekuan izango da, eta COVID-19 testuinguruan bete beharreko neurri guztiekin. Pilotalekuko ateak itxita egongo dira, eta bertara sartzeko gonbidapena beharko da. Pilotalekuan bertan ez bada ere, gazta txapelketaren finala zuzenean jarraitzeko aukera emango du udalak, 12:00etik aurrera.
Aurreikusitakoaren arabera, 08:30ak eta 09:00ak artean txapelketan parte hartuko duten gaztak frontoira eramango dituzte. 09:00etatik 10:00etara egiaztapen prozesua egingo dute, guztia prest jarri, eta 10:30ean hasiko da epaimahaia gaztak dastatzen. Irabazlearen izena, 13:00a aldera jakingo da, eta 13:30ean hasiko da sari banaketa. Jarraian egingo dute gazta irabazle erdiaren enkantea.
Ohiko moduan, pilotalekuaren kanpoan, azken hamar urteotan txapelketa irabazi duten artzainek postuak jarriko dituzte. Hortaz aparte, Ordiziako asteroko azoka egingo dute, asteazkenero moduan.
«Urte zailak»
COVID-19ak sektore guztietan izan du eragina; gazta ekoizpenean ere bai. Ezenarrok berak hala adierazi zuen: «Urte zailak izan dira eta badakigu txapelketa honek duen oihartzuna oso lagungarria dela haientzako». Horregatik, Ordiziako Udalak «lehen sektorea babesteko apustu sendoa» egin duela, eta bide horretan ez daudela bakarrik adierazi zuen; «Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntza izan dugu, nola ez Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren babesa, eta urte zail hauetan, betiko laguntza eskaini digun Kutxa Fundazioaren laguntza». Ordiziako alkateak eskerrak eman zizkien jasotako babesagatik.
Gazta txapelketari dagokionez, ez da ohiko moduan egingo, murrizketak eta neurri bereziak hartuta baizik eta antolaketa eta distantziak zorrozki beteko dituzte. Gazta epaimahaikideen artean banatzerakoan ere, neurri bereziak hartuko dira, gazta ez ukitzeko eta desinfekziorako gel bereziak erabiliko dira.
Epaimahaia 16 pertsonek osatuko dute. Ezenarrok aurreratu zuenez «Pedro Subijana ezingo da egon peronea hautsi duelako». Ander Gonzalez sukaldariak ordezkatuko du.
Sariei dagokienez, txapelketaren irabazleak, txapela, diploma, Kutxa garaikurra, 1.750 euro eta Ordiziako irabazlearen 12.000 pegatina gaztatan ipintzeko. Gainera, garaileak, azkeneko hamar urteetan Ordizian gazta txapelketa irabazi badu, urrezko Kutxa garaikurra eramango du. Bi dira aurten sari hori irabazteko aukerak dituztenak, Zeanuriko Jon Etxeberria eta Lekarozko Kortariako Julen Arburua.
Ordiziako gazta txapelketako sari nagusien babeslea den Kutxa Fundazioaren izenean Garbiñe Etxezarretak esan zuen, «sari hauen helburua da gaztagintzaren garapena sustatzea eta ikusgarritasuna ematea, eta bide batez, sektoreak egiten duen lanari aitortza egitea». Etxezarretak ez du zalantzarik, «Ordiziako Gazta Txapelketa erreferente da eta bertan parte hartzen duten ekoizleak erreferente bihurtzen ditu, eta horrek, «gaztagintzaren etorkizuna bermatzen lagunduko du».
Enkantea
Gazta irabazlea ezagutu ondoren enkantea egingo dute. Ordiziako alkateak azaldu zuen, Ordiziako Lagunkiro elkarteari bideratuko diotela enkanteko dirua. Lagunkiro elkarteko boluntarioek, bakarrik dauden adinekoei laguntza ematen diete, eta San Jose egoitzan aisialdi ekintzak ere antolatzen dituzte egoiliarrentzat, besteak beste. Lagunkirok horrelako ekintzak egiten jarraitu ahal izateko izango da enkantean eskuratzen den dirua.
Gazta ekoizpenak %5 egin du behera iazkoaren aldean
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako Joxi Iturriozek, 2021eko kanpainaren inguruko datuak plazaratu ditu. Gaztandegiei dagokienez, gaur gaurkoz, 125 ekoizle daude Idiazabal jatorri izendapenaren barruan. Ekoizpen datuei dagokienez, 2021eko aurreikuspenen arabera, iazkoa baino baxuagoa izango da produkzioa, «%5 gutxiago». Iaz ere beherakada eman zen, 2019eko datuekin alderatuta.