Udaltzaingoko lan-poltsa sortuko dute
Eskaerak gaurtik aurrera aurkeztu daitezke. Lan-poltsa udaltzaingoan sortzen diren hutsuneak betetzeko erabiliko da
Beasaingo Udalak udaltzainen lanpostuak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortuko du. Eskabideak jada aurkeztu daitezke. Lehiaketa gainditzen duten izangaiek eskubidea izango dute hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren hurrenkeran Udaltzaingoan sortzen diren langile-beharrak betetzeko dei diezaieten.
Udaltzain izateko derrigorrezkoa da Poliziako eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agenteentzako prestakuntza-ikastaroa gaindituta izatea. Gainera, Espainiako nazionalitatea eduki behar da; adinez nagusia izan; gizonezkoen kasuan, gutxienez, 1,65 metroko garaiera edukitzea. Emakumeen kasuan, 1,60 metro; Falta astuna edo oso astuna egiteagatik zigorrik ez jaso izana; batxilergoko titulua edo 2. mailako Lanbide Heziketako titulua izatea; euskarako 2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea edukitzea; B motako gidabaimena edukitzea; osasun egoera onean egotea; eta nahita egindako delituren batengatik kondenatua ez izatea.
Eskaerak aurkezteko hamar egun daude. Txantiloi hau eta NANaren, gidabaimenaren eta titulazioen fotokopiak aukreztu behar dira. Merezimenduak forgatzeko egiaztagiriak txertatu behar dira, izanez gero.
Merezimenduak horrela baloratuko dira: lan egindako hilabete bakoitzeko, 0,25 puntu. 10 puntu lortu ahalko dira gehienez; titulazio akademiko ofizialekin gehienez bi puntu jasoko dira. Unibertsitateko graduek edo baliokideek bi puntu balioko dituzte. Diplomaturek edo baliokideek, bat; Euskarak puntu bat balioko du. Ingelesezko eta frantsezko B1ak, 0,5 puntu. Hizkuntzekin ere gehienez bi puntu jaso ahalko dira; 500 ordutik gorako ikastaroek zazpi puntu balio dituzte. 100 ordutik gorakoek, lau. 50 ordutik gorakoak, puntu bat. Eta 50 ordura artekoek, 0,5. Ikastaroekin zazpi puntu lor daitezke gehienez.
Eskaerak Beasaingo Udaleko Erregistro Elektronikoan eta Igunean aurkeztu daitezke. Igunea udako ordutegiarekin dabil oraindik. Hau da, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara dago zabalik.