27. Azoka Ekologikoa ospatuko da igandean, Zeraingo frontoian
24 ekoizle egongo dira eta, besteak beste, sasoiko barazkiak, pasta, olioa, marmelada, ogia, eztia, kontserbak, gazta, haziak eta txerrikiak erosteko aukera izango da.
Igandean, irailaren 19an, 27. Azoka Ekologikoa ospatuko da Zerainen. Frontoian izango da segurtasun neurriak betetze aldera. 24 ekoizle egongo dira, gipuzkoarrak gehienak, baina baita iparraldekoak eta nafarrak ere. Denetarik aurkituko dute herritarrek bertan: sasoiko barazkiak, pasta, olioa, marmelada, ogia, gozokiak, eztia, kontserbak, gazta, lekaleak, haziak, gatza eta txerrikiak erosteko aukera izango dute, besteak beste. Urtero bezala, aurten ere Zeraingo ekoizleen produktuen postua jarriko dute.
Ibilbide bat markatuko dute frontoian bertan, eta kanpoaldean, berriz, dastaketa gune bat izango da: bertako produktuekin sukaldaritza erakustaldia egingo dute eta prestatutako dastatu ahal izango da gero. Gaur goizean aurkeztu dute azoka Biolurreko Iñaki Intxaustik, Zeraingo turismo bulegoko Ilazki Azaldegik, Goimeneko Ioritz Berrak eta Zeraingo Udaleko Niko Foroni azoka arduradunak. Ekoizle zein herritarren aldetik azoka arrakastatsua izatea espero dute.
Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak bultzatuz, herritarrak deitu dituzte parte hartzera. Azoka ekologiko soil bat izatetik harago, ohituretan eragitea dute helburu, Ioritz Berrak adierazi duenez. “Landa eremuaren biziraupenerako ezinbestekoa dela ikusten dugu, eta benetan nekazari eta ekoizle hauen produkzioa saltzeari begira, espero dugu denboran bizirautea eta covid garaian bertakoarekiko egon den atxikimendu hori ez izatea aldi baterakoa, baizik eta jendearen ohituretan benetan geratzea”.
‘Gure lurrina’ kanpaina
Biolurrek kanpaina bat jarri du martxan egiten duen lana ezagutarazteko. ‘Gure lurrina’ du izena kanpainak, eta igandean horri buruzko informazioa zabaltzeko postua ere jarriko dute. “Kanpainarekin Biolur sortu zeneko ekoizle eta herritarren arteko elkarte izaera jendarteratu eta indartu nahi dugu”, azaldu du Iñaki Intxaustik. “Uste dugulako ekoizle eta herritarrak batera joan behar garela ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren bidean, eta bizi dugun krisi ekologiko eta sozialak erakusten digu beharrezkoa dela”. Herritarrak animatu ditu postura inguratu eta Biolurkide egitera.