Antzizarren jokatuko da Euskal Liga
Barakaldo, Ibaizabal eta Iraurgi nor baino nor gehiago arituko dira ostiraletik aurrera
Beasaingo Antzizarren jokatuko dute Euskal Kopa Liga 2 txapelketa, asteburu honetan. Barakaldo, Ibaizabal eta Iraurgi nor baino nor gehiago arituko dira. Hirurek itxaropen handiak dituzte aurtengo denboraldirako, eta sasoi puntu onarekin eta moralez gainezka hasteko baliatu nahi dute Beasaingo egonaldia.
Jose Mari Arrospide BKLko presidenteak beasaindar eta saskibaloi zale guztiei Antzizarrera hurbiltzeko deia egin zien. 180 lagunentzako edukiera izango da. Ez da sarrerarik behar, ikusleak hurbildu ahala esertzen joango dira edukiera bete arte. Arrospidek Beasaingo Udalari eskerrak eman zizkion klubari urteetan emandako laguntzagatik eta kiroldegiko zorua berritzeagatik. “Zoru hau ez balitz egongo, asteburuan ez legoke txapelketarik”. Leire Artola alkateak gaineratu zuen pista berria denentzat dela, goi-mailako kirolarientzat eta herritarrentzat.
Artolak Beasainek emakumezkoen kirolarekin duen konpromisoa ere nabarmendu zuen. “Asteburu honetan, pertsona orok kirola egiteko duen eskubidea balioan jarriz, emakumezkoen kirola bistarazi nahi da”. Azpimarratu zuen azken hilabeteetan pelotako Master Cup txapelketako finalak, futboleko Euskal Herria Kopako kanporaketak, txirrindularitzako Espainiako Kopa eta herri kirol erakustaldiak antolatu direla. “Beasain parekideagoa lortzeko helburua horrelako ekintzak antolatzen eta sustatzen islatzen da”.
Luis Mari Sautu Euskal Saskibaloi Federazioko presidenteak ere Beasaingo Udalarentzat eta BKLrentzat esker oneko hitzak izan zituen. Txapelketa jasotzeko hartutako ardura eskertu zien. Sauturen arabera halako txapelketak ezinbestekoak dira emakumeen saskibaloiak hazten jarraitu dezan. “Une polit batean dago, babes eta praktika aldetik. Hori baliatu behar dugu urratsak ematen jarraitzeko: lizentziak gehitu, epaile eta entrenatzaile emakumezkoak formatu…”.
Saskibaloi gosea piztu nahian
Ainhoa Ibarburu Gipuzkoako Federazioko Presidenteak, ordea, ez zuen horren baikor hitz egin. “Pandemiak ez digu lagundu eta federatu kopurua txikitu egin da”, aitortu zuen. Pandemia gainditzean lehengo kopuruetara itzultzeko esperantza duela esan zuen. “Gipuzkoako federazioan oso pozik gaude txapelketa hau Beasainen antolatuko delako. Emakumezkoen kirolak aurrera jarraitu behar du”. Arrospide bat etorri zen. “Halako final bat izatea garrantzitsua da. Emakumeen kirola bultzatu behar da, dudarik gabe. Baina baita ere, aprobetxatu behar dugu asteburuko ekitaldi hau saskibaloia osotasunean bultzatzeko. Guk, BKL bezala, nabari dugu taldeak gutxitzen ari zaizkigula. Denon artean bultzatu behar dugu saskibaloi gose hori”.