Apota 7 eta 9 izan dira gehien ordaindu diren postuak
12.500 euro ordaindu dituzte postu bakoitzarengatik. Guztira 47 postu atera dira enkantean, eta horietatik 40 posturengatik ordaindu da. Beste zazpiak zozkatu egingo dituzte Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko herrien artean.
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko ehiza postuen enkantea izan da Segurako udaletxean, igandean. Apota lineako postuak izan dira ordainduenak. Apota 7 postuarengatik 12.500 euro ordaindu dira, eta Apota 9 postuarengatik beste 12.500 euro. Agiñaran 1 posturako 7.500 euro jarri dituzte, eta Iturgain 6 postuan 8.000 euro.
Guztira 47 postu atera dira enkantean. Horietatik, 40 erosi dituzte ehiztariek, eta beste zazpiak Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko herrien artean zozkatuko dituzte. 140.000 euro inguru jaso dira guztira postu guztiak kontuan hartuta.
Igandean ere, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakari berriak aginte makila jaso zuen. Uztailean izan zen agintari aldaketa. San Inazio egunean Urbiako jaian jaso ohi du agintari berriak makila, baina aurten ospakizunik izan ez denez, igandean egin zuten ekitaldia. Amaia Junquera Zeraingo alkateak agintaritza utzi du eta Izarra Urdalleta Segurako alkateari egokitu zaio lan hori, uztailera arte. Partzuergoko herrietako alkate batek hartzen du kargua urtero, txandatuz.