Bost herrien arteko ibilaldia egingo dute larunbatean
Aizkorpe bailarako bost herriak elkartzen dituen VI. Ibilaldia egingo dute zapatuan, besteak beste, ibilbideko toponimia ezagutuz. Bazkarirako izena emateko epea bihar bukatuko da.
Datorren larunbatean, irailak 18, bost herrien arteko VI. ibilaldia egingo dute Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa eta Idiazabaldik barrena, Segurako Idiazabalgo eta Zegamako mendi elkarteek, Mutiloako Txerri Gorri elkarteak eta Zeraingo Liztormendi kultur elkarteak antolatuta. Ibilbidean zehar lekuan lekuko toponimiak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta bazkaria ere egingo dute. Bazkarirako izena elkarte horietan eman daiteke, edo 605 763 856 zenbakira deituta.
Goizeko 08:00etan hasiko da ibilaldia, Segurako plazan. 11,9 kilometro egingo dituzte. Aurtengoak berezitasun bat izango du, Segurako mapa toponimiko berrian oinarrituta, mendian dauden lekuen izenen balioa ulertzeko ibilaldia izango baita, Jose Luis Ugarte legazpiarrak zuzenduta. «Leku bakoitzaren izena jakinda eta behar bezala erabiliz mendia hobeto ulertuko dugu. Mendizaletasuna ibiltze hutsa baino askoz gehiago da», adierazi dute antolatzaileek. Ibilaldia dohainik da.
Segurako plazatik abiatuta, Urtsuaran eta Etxegaratetik Nafarroako galtzadan ibiliko dira, Urtsuaraneraino. Zorroztarriko puntara igoko dira ondoren, eta bertatik Albitzetako lepora iritsi eta Santa Barbararen beste magaletik Segurara itzuliko dira.
Bazkaria egingo da gero, Ixkina jatetxean. Bihar bukatuko da izena emateko epea, aurretik aipatutako elkarteetan. Otordurako 30 euro ordaindu behar ditu partaide bakoitzak.