CrossFit Txindoki taldeko Imanol Iruarriz eta Ibai Iturrioz txapeldun izan dira Laudion
Podiumaren maila gorenera igo dira bi kirolariak. Txapelketak Xabier Osa CrossFit egokituko kirolariari babesa ematea du helburu, besteak beste.
Aramako CrossFit Txindoki taldeko Imanol Iruarriz, ordiziarra, eta Ibai Iturrioz, Beasainen bizi den orexarra, podiumaren maila gorenera igo dira, Road2Games CrossFit txapelketan, Laudion (Araba). Iruarriz, duela bederatzi hilabete hasi zen CrossFit egiten, eta RX mailan lehiatu zen.
Ibai Iturriozentzat ez zen CrossFit txapelketa batean lehiatzen zen lehen aldia. Aurretik ere, oso maila altuan aritu da, eta txapelketa bat baino gehiago irabazitakoa ere bada. Hala nola, CrossFit Box-en arteko txapelketa irabazi zuen 2019an, Hondarribian, Maddi Noguera ataundarrarekin batera, bikote mixtoen mailan. Laudion, kategoria altuenean lehiatu zen eta onena izan zen.
CrossFit Txindoki taldeko bi atletek, Laudion lortutako garaipenarekin, abenduan jokatuko den Espainia osoko CrossFit Box-en txapelketan parte hartzeko txartela lortu dute.
Elkartasuna helburu
Laudion jokatu den txapelketa honek, CrossFit-ari ikusgarritasuna emateaz gain, elkartasun helburua ere izan du. Izan ere, Xabier Osa (Deba, Guipuzkoa, 1992) CrossFit egokituko lehen mailako atleta, mundu mailako CrossFit Games 2021eko finalerako sailkatu zen uztailean, eta txapelketa horretan parte hartu ahal izateko bideratuko dute, Laudioko txapelketarekin eskuratu duten dirua.