Igartzako Mendi Duatloia Paul Bereziartuak eta Enara Oronozek irabazi dute
Koldo Agirre eta Jon Ormaetxea izan dira azkarrenak binakako lehian. Garaileak zirkuituko buruan jarri dira. 60 kirolari baino gehiago lehiatu dira. Banaka, emakume bakarrak hartu du parte
Igartzako Mendi Duatloiko probak azken metroetan erabaki ziren. Banakakoan, gizonezkoen lasterketan, lehen bi sailkatuak minutuaren barruan sartu ziren eta binakakoan, podiumeko hiru postuak. Lehia estua izan zen.
Gizonezkoen banakako proban Paul Bereziartua durangarra izan zen azkarrena. Bizikletako zatian alde egitea lortu zuen eta lortutako errenta nahikoa izan zuen. Aurtengoan bizikletako txanpan hamaika kilometro pasatxoko itzuli bakarra eman behar izan zuten.
Josu Urrestarazu izan zen lehen goierritarra. Laugarren amaitu zuen idiazabaldarrak. Korrikako lehen zatian azkarrena izan zen, baina ezin izan zion erritmoari eutsi eta podiumetik kanpo gelditu zen, 27 segundogatik.
Binakakoan Koldo Agirre eta Jon Ormaetxea izan ziren azkarrenak. Borja Aranzabek eta Oier Elorzak korrikako bi zatiak azkarrago egin zituzten, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Emakumezkoen artean bakarrak hartu zuen parte, Enara Oronozek. 1:36:16 segundo behar izan zuen zirkuitua osatzeko. Denera, 63 lagunek hartu zuten parte.
Zirkuituko, buruan
Bereziartua eta Oronoz Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko liderrak dira, bigarrenarekin puntutara berdinduta. Usandizaga, orain arteko emakumezkoetako liderra, ez zen Igartzan izan; Bereziartuak eta Isasik lehen eta bigarren postuak txandakatu dituzte Igantziko eta Igartzako proban.












