Oihana Kortazar eta Iñaki Olano irabazle Axari Trail mendi lasterketan
Axari Trail Txikia, aldiz, Villabonako Hassan Ait Chaouk eta Usurbilgo Irati Larrañagak irabazi dute. Idiazabalen 400 bat korrikalarik hartu dute parte aurtengo edizioan
Mikel Garmendiaren omenezko Axari Trail mendi lasterketa jokatu da igandean Idiazabalen. Oihana Kortazarrek eta Iñaki Olanok irabazi dute 25,4 kilometroko Axari Trail proba, eta 16 kilometroko Axari Trail Txikian, berriz, Hassan Ait Chaou eta Irati Larrañaga izan dira garaile. Ia 400 korrikalarik hartu dute parte. Eguraldia lagun, giro ederra izan da Idiazabalgo kaleetan eta mendietan.
Altzoko Iñaki Olano 2 ordu, 7 minutu eta 7 segundoko denboran helmugaratu da. Imanol Goñi natxituarrak lortu du bigarren postua (2:10:04), eta hirugarrena Irunberriko Xabier Zarranzek. Emakumeen artean, Oihana Kortazar 2 ordu, 24 minutu eta 12 segundoan iritsi da helmugara, eta haren atzetik Igorreko Onditz Iturbe, minutu t’erdiko tartearekin (2:25:50). Hirugarren postua Urruñako Maud Combarieu-rentzat izan da (2:47:52).
Axari Trail Txiki probari dagokionez, ordubete, 16 minutu eta 17 segundoan helmugaratu da Villabonako Hassan Ait Chaou. Bigarren Amets Aranbarri zestoarra iritsi da (1:17:03), eta hirugarren Jon Urteaga idiazabaldarra (1:19:51). Lehen emakumea Irati Larrañaga usurbildarra (1:33:28) izan da ibilbide motzean, bigarren Larraitz Etxebeste oiartzuarra (1:35:03), eta hirugarren Janire Agirre ataundarra (1:35:30).













