Talidomidaren kaltetuei ahotsa emango dien abestia aurkeztu dute
Azken Hatsa talde arabar eta arabar-errioxarrak konposatu du 'Lagrimas de arena', talidomidaren kaltetuen egoerari ikusgarritasuna emateko helburuarekin.
Momentura arte hiru disko ditu Azken Hatsa punk&roll talde arabar eta arabar-errioxarrak, baina esan daiteke, ostiralean Legorretan aurkeztu zutena, bereziena ez bada, abesti berezienetakoa dela.«Josu gure bateria-joleak, aspaldi erakutsi zuen Talidomidaren kaltetuen gaia lantzen duen abesti bat egiteko gogoa, izan ere, osaba du Mariano Garmendia legorretarra eta gertukoa du gaia», hasi da kontatzen Julen Gorroño Azken Hatsako abeslaria.
Gizarteari eragin dioten gaiek mugitzen dituzte, eta talidomidaren kaltetuena, abesti bat merezi duen horietakoa dela iritzita, lanean jarri ziren. «Abestia sortu eta pentsatu genuen Avite elkartekoen gustukoa izan zitekeela, eta hala izan zen!». Gustukoa bakarrik ez, ondoren grabatu duten bideoklipean protagonista nagusiak dira.
«Musikari ezagunekin ere harremanetan jarri ginen, abestiak oihartzun handiagoa izateko nahiarekin». Aiora Renteriak (Zea Mays), Fernando Madinak (Reincidentes), Koldo Soretek (Niña Coyote eta Chico Tornado) eta El Drogasek hartu dute parte.
Lagrimas de arena du izenburua eta Talidomidak kaltetutako
pertsona guztien historia jasotzen du. Azken Hatsa taldeko abeslariak nabarmendu duenez, «pertsona horien guztien ahotsa izatea du helburu; gaur arte bizi izan duten eta oraindik bizitzen ari diren egoera gizarteratzen ditu».
Bideoklipa, hemen ikusgai.