Alain Eizmendik Beasainen jokatuko du
Beasaindarra taldearekin entrenatzen ibili da udan, eta orain jokatzen ere hasiko da
Beasainek ofizial egin du Alain Eizmendiren fitxaketa. 31 urte ditu eta goi mailako futbolean ibilitakoa da. Aurrelari beasaindarra talderik gabe gelditu zen udan eta Beasainekin entrenatzen ibili da, fitxarik ez zuen arren. Azkenean etxean gelditzea erabaki du eta fitxa ere egin diote, jokatu ahal dezan. Baliteke gaur bertan egitea debuta, Beasainek 19:30ean jokatuko baitu Uritarraren aurka.
Eizmendik Realerako bidea gazte zela hartu zuen. Harrobiko taldeetan ibili ostean, lehen taldearekin debuta egitera iritsi zen 2008-2009 denboraldian: Elxen aurka denboraldiko azken 23 minutuak jokatu zituen. Lehen taldean ez zen egonkortu eta han eta hemen utzita jokatu zuen hurrengo denboraldietan: Athleticen bigarren taldean, Eibarren –lehen mailara igotzea lortu zuen– eta Real Unionen, esaterako. Irunen Eneko anaiarekin batera jokatu zuen. Atzerrian ere ibili da: Ferrolgo Racingen, Llagosteran edota Zipreko AEL Limassolen. Iaz Guijuelon aritu zen, hirugarren mailan.
? ? ⚽ ? pic.twitter.com/X4sNShTNlh
— Beasain KE 1905 (@beasainke1905) September 14, 2021