Beasaingo Altamira auzora zuntz optikoa iritsi da
Beasaingo Udalak landa auzoetarako bideak txukundu ditu. Obrak zuntz optikoa sartzeko aprobetxatu dute
Beasaingo landa auzoetara doazen errepideen egoera hobetzeko lanak amaitu dira. Altamira eta Usurbe inguruetara doazen bideak konpondu dituzte, zehazki.
Altamira auzoko errepidea zabaldu egin dute, segurtasuna handitzeko. Gainera, errepideko urak jasotzeko kanalizazioa berritu dute, drainatzea hobetu eta kutxetak txukundu. Lanak baliatu dituzte, era berean, auzoraino zuntz optikoa eramateko. Auzotarrek eta bertako abeltzaintza ustiategiak internet azkarragoa izango dute aurrerantzean.
Usurberako bidean bazterrak txukundu dituzte, sastrakak garbituta. Auzotarrez gain kaletar askok aisialdian erabiltzen duten bidea da.
Lanak auzoetako azpiegituren hobekuntza, mantenu eta berritze planaren baitan egin ditu Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.