Euskal preso eta iheslarien aldeko eguna egingo dute Ataunen
Urriaren 16an izango da. Kalejira, hitzaldia eta kontzertuak antolatu dituzte, Añube, Brigade Loco eta Unidad Alavesa taldeekin; sarrerak hilaren 25ean jarriko dituzte salgai.
Etxeratek antolatuta, Euskal Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ekitaldia egingo dute, urriaren 16an, Ataunen. Arratsaldean hasi eta gauera arteko ekintzak antolatu dituzte, tartean, kontzertuak ere izango dira.
San Martingo plazan elkartuko dira 17:30ean, eta kalejiran joango dira Auzoeta kiroldegiraino. Han hitzaldi laburra egingo dute, euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera azaltzeko. Eta segidan, kontzertuak izango dira, Añube, Brigade Loco eta Unidad Alavesa taldeekin. Saio batetik bestera, Rock&Roll DJ ere ariko da.
Sarrerak aurrez salgai
Ekitaldirako sarrerak hilaren 25ean jarriko dituzte salgai, 12:00etan, San Martingo plazan. Biharamunean, soberan gelditutakoak Troskaeta, Urbieta eta Sutegi (Ataun), Antsoategi eta Giroa (Lazkao), Arrano (Beasain) eta Herriko (Ordizia) tabernetan jarriko dituzte. Sarreren prezioa 15 eurokoa da. Pandemia dela eta, neurri bereziekin egingo dute ekitaldia, eta sei laguneko mahaietan eserita ikusi beharko da.
- 17:30. Presoen aldeko kalejira, San Martingo plazatik frontoira.
- 18:00. Hitzaldia: Preso, iheslari eta deportatuen egoerari buruzko saio laburra.
- 18:15. Añube + Rock&Roll DJ
- 20:00. Brigade Loco + Rock&Roll DJ
- 22:00. Unidad Alavesa.