Gizonezkoen lehen taldeak mailari uko egin dio
Arri BKL taldeak Gipuzkoako bigarren mailan aritzeko erabakia hartu du, taldearen jarraikortasuna bermatzeko.
BKLren gizonezkoen lehen taldeak, Arri BKLk, uko egin dio Euskadiko lehen mailan aritzeari. Zuzendaritzak adierazi du taldekideak «erreta» zeudela, azken bi denboraldiak gogorrak izan direlako. Hiru partida irabazi zituzten denera; horietatik bi, pasa den denboraldiko azken bi jardunaldietan. Halere, pandemiaren erruz ez zen jaitsierarik izan eta berriz ere Euskadi mailan jokatzea zegokien, baina mailaz jaistea erabaki dute lasaiago ibiltzeko eta saskibaloiaz gehiago gozatzeko.
Gipuzkoako bigarren mailan arituko dira. Bertan, besteak beste, Arri BKL Biurin bigarren taldearekin egingo dute topo. Bi taldeen artean BKLren senior kategoriari jarraikotasuna eman nahi diote, eta atzetik datozen gazteekin gora egin datozen denboraldietan.
Gazte mailako taldeak kontatuta dozena bat talde baino gehiago kantxaratuko dituzte denboraldi honetan.
Lehiatuko ez den taldea senior emakumezkoena izango da. Iaz ere, pandemia dela eta, jokatzeari uko egin zioten baina entrenatzen jarraitu zuten. Halere, aurten ezin izan dute talderik osatu. Gazte mailetan badituzte nesken taldeak.
Lanari ekiteko garaia
Asteburu honetan hasiko dute liga talde gorenek. Arri BKL Biurinek, esaterako, igandean jokatuko du, Antzizarren, 12:00etan, Erroibideren aurka. Bihar, ordea, Getariaren aurkako lagunartekoa jokatuko du, 20:00etan, Antzizarren.
Gizonezkoen junior mailako taldeak ere asteburu honetan ekingo dio ligari. Etxetik kanpo jokatuko dute, baina. Junior mailako emakumeak, berriz, datorren astean hasiko dira. Emakumeen kadete taldeak ere aste honetan hasiko du liga.