Gudari bat etxeratzeko azken txartela
Aranzadik Jesus Izagirre Artsuaga 1936ko gudari gabiriarrarenak izan daitezkeen hezurrak exhumatu ditu. Derioko hilerrian, familia lagun baten hobian zeudela aurkitu dute, ikertuta. DNA probek esango dute ziur
Oroimen historikoaren gaineko iluntasuna argitzeko egun seinalatua izan daiteke atzokoa. Gabiriako Jesus Izagirre Artsuagaren gorpuzkien bila aritu da familia, etxera eramateko nahiarekin. Eta, proba genetikoen faltan, haren ezaugarriekin bat egiten duten hezurrak topatu dituzte Derioko hilerrian (Bizkaia).
Bizkargi mendiko (Bizkaia) borroka latzetan hil zuten Izagirre, 1937ko maiatzaren 15ean. Amaiur batailoi abertzaleko sarjentua zen. Beste bost gudari gabiriar ere han hil zituzten, edo han jasandako zaurien eraginez ospitalean, geroago. Gainontzeko gudarien aztarnak aspaldi galdu ziren, lurperatu zituztenetik 15 urtera hezurtegi orokorrera bota baitzituzten, Derion bertan.
Baina Izagirrek bestelako bukaera bat izan dezake, eta, 85 urte betetzear, «berak nahi zuena, etxera itzultzea» egia bihur daiteke, familiak dioen bezala. Zoriak eta bi familiaren laguntasunak alda dezakete patua.
Aspiuntzatarren hilobian
Izan ere, Izagirreren hezurrak gainontzeko gudarienak baino lehenago aldatu zituzten tokiz Derioko hilerrian, 1946ko uztailaren 3an. Aspiuntza sendi bilbotarraren panteoian sartu zituzten, erregistroaren arabera. Gudari zenaren arreba Maria Izagirrek eta Bilboko enpresari familia horrek zuten hartu-emana egon liteke atzean. EAJko kidea zen, eta Bilbora mitinetara joan ohi zen. Udak Gabirian igarotzen zituzten Aspiuntzatarrek Maria Dolores eta Mari Karmen ahizpak bizi dira, 100 eta 96 urterekin, eta Izagirre sendikoak ere Sopelara eta Begoñara joaten ziren.
Iñigo Santxo abokatuak aurkitu zuen Jesus Izagirreren hezurren leku aldaketaren erregistroa, bere emaztearen osaba Joxe Apaolaza eta Ramon Igartzabal gabiriarren lurperaketak ikertzen ari zela. Aspiuntzatarrek baimena eta laguntza eman, eta atzo ireki zuten hobia.
Hiru lagin proba egiteko
Izagirreren hiru iloba eta ondorengoak ere Derion ziren, atzo. Haietako baten lagin genetikoa hartu du Aranzadik, Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuarekin lankidetzan. Beste partea, Jesus Izagirrerena izan litekeena, hiru pertsonaren gorpuzkien artean egon liteke, egotekotan.
Aranzadi elkarteko Francisco Etxeberria, Lurdes Herrasti eta Caterina Raffone genetista arduratu dira hezurrak atera eta sailkatzeaz. Panteoian erregistratutako 19 pertsonaren gorpuzkien artetik hirurenak apartatu dituzte; horiek aztertuko dituzte orain EHUren Biomics laborategian.
Alferrikako itxaropenik ez pizteko aholkatu diete teknikoek, emaitza zientifikoak jakin arte. Hilabete batzuk iraungo du alderaketa genetikoak. Lehen begiratuan, ordea, zinkezko kutxa batean «30 urtez beheko gizonezko altu baten» hezurdura osoa bereizi dute. Besterik ezean, gertuago legoke itzulera.
Omenaldi bihurtu da exhumazioa Derioko hilerrian
Goizeko bederatzietan, jende mordoxka bildu zen atzo Derioko hilerriko 18. saileko 35 zenbakidun hobiaren aurrean. Jesus Izagirrerenak izan litezkeen hezurrak atera aurretik, omenaldi bat egin zieten Bizkargin hildako gabiriarrei eta 1936ko gudari guztiei.
Familiartekoez gain, han izan ziren Larrabetzuko alkate Iñigo Gaztelu, Derioko zinegotzi izandako Mari Karmen Alvarez –mendi taldeko kide batzuek lagunduta–eta Gabiriako zinegotzi Aratz Igartzabal. Gogora institutuko ordezkari bat ere joan zen. Bertso bana bota zuten Igartzabalek eta Peru Irastortzak, eta Agurra dantzatu zuen dantzari larrabetzuar batek. Ikurrinaz eta lorez apaindu zuten hobia.
Familiaren izenean, Arantzazu Baztarrikak laburtu zuen euren nahia, eta Iñigo Santxok azaldu zuen prozesua. Aspiuntza sendiaren aldetik, Roberto Bertol birbiloba izan zen.
Jesus Izagirre 1910ean jaio zen Igeribar Errotan. Angel anaia ere Amaiurren gudari izan zen, beste anaia Juan Ingeniarien 2.batailoian. Derion geratu zen Jesus, 27 urteko, hila.