Hiru lehiakide goierritar ETBko 'Baserria' saioan
Euskal Telebistaren lehen kateak igande honetan estreinatuko du 'Baserria' saioaren bigarren denboraldia. Hiru lehiakide goierritar ariko dira bertan, bi baserritar eta kaletar bat.
ETBko Baserria telebista saioaren aurreneko edizioan hiru goierritar aritu ziren, eta beste horrenbestek parte hartuko dute bigarren edizioan ere. Igandean hasiko da denboraldi berria, eta berrikuntza ugari izango dituela azaldu dute programaren arduradunek.
Baserritarren bandoan, bi goierritar ariko dira. Aurrenekoa, Izaskun Ezkurra altzagarra. 47 urte ditu eta baserrian jaiotakoa bada ere, Ordiziara ezkondu zen; baserriko bizimodua nahiago zuen, ordea, eta duela 7 urte Altzagara joan zen bizitzera, senarrarekin eta seme-alabekin batera. CAFen lan egiten du, baina beti ateratzen du baserriko lanak egin eta etxeko animaliak zaintzeko denbora. Pertsona alaia dela dio, baina bihotz gogorrekoa; umeekin ateratzen zaio xamurtasuna. Zaldi lasterketak ere gogoko ditu, eta oso lehiakorra dela dio.
Antzeko historia du Maider Ginea 43 urteko ordiziarrak ere. Kalean jaio zen, baina 10 urte daramatza Zumarragako baserri batean bizitzen, Xabier Zaldua senarrarekin batera. Bi seme-alaba ditu, biak ere, saioaren jarraitzaile sutsuak. Ez zaio jende zuria gustatzen, nahiago ditu aurrez doazenak. Bera ere ez da isilik gelditzekoa, nahiz eta orain, gaztetan baino “moderatuagoa” dela dioen.
Eta kaletarren artean, Iñigo Lasa, 23 urteko zumarragarra. Kirolzalea da oso, saskibaloian jokatzen du eta gimnasioan ere aritzen da. “Oso oso lehiakorra” dela dio. Gainontzean, pertsona irekia da, irribarre errazekoa; jendearekin harremanetarako erraztasuna du eta lagun talde ugari dauzka. Eztabaidak sortzen direnean, entzuten saiatzen omen da, nahiz eta zenbaitetan, aztoratu ere egiten den. Bitxikeria moduan, Ainhize Azpiazu (Azkoitiarra) bikotekidea ere, lehiakide izango du Baserria saioan, kontrako bandoan, gainera.