Lau proposamen dakartza Bizi Musika zikloak
Mikel Urretagoiena musikari ordiziarrak irekiko du Bizi Musika zikloa irailaren 23an.
Iaz estreinatu zen Ordizian Bizi Musika zikloa, eta aurten ere bueltan da. Euskal Herriko musikariak bilduko ditu ekimenak, eta publiko ororentzat dago zuzenduta. Lander Mujika Ordiziako Udaleko kultura zinegotziak adierazi du «iazkoak emaitza oso onak» izan zituela, eta horregatik, aurten ere antolatu dutela. Aurtengoaren barruan, lau emanaldi antolatu dituzte.
Mikel Urretagoiena musikari ordiziarraren proposamenak zabalduko du zikloa irailaren 23an, Ander Garcia eta Iñigo Ruiz de Gordejuela lagun dituela. Lau urte Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia), bi Herberehetan eta New Yorken eta bost Madrilen eman ondoren, Mikel Urretagoiena bateria jotzaile ordiziarra herrian da Bizi Musika zikloari hasiera emateko. Emanaldi honetan azken urteetan konposatutako abestiak aurkeztuko ditu hirukote formatuan (pianoa, kontrabaxua eta bateria).
Proposamen berriak
Urriaren 14an, gaur egungo Blues-Rock talde indartsuenetako batek joko du: Noa & The Hell Drinkers. Craft Blues bigarren albuma labetik atera ondoren arrakasta itzela izan dute, eta Ordiziara ere ekarriko dituzte sortu dituzten doinu onenak.
Azaroaren 18an, proposamen berri batez gozatzeko aukera egongo da. Trigger izeneko proiektua, Eñaut Zubizarreta txelo jotzaileak sortu zuen. Musika ikasketa klasikoa du Zubizarretak, baina rock ere oinarri izan du sormenean. Ordizian, Quico Puges eta Jokin Garmendia biolontxelo jotzaileekin ariko da kamera kantuetan eta Amaiur Luluaga dantzariarekin techno kantuetan.
Aurtengo Bizi Musika zikloa ixteko ardura, Iparraldeko Habia taldeak izango du, abenduaren 16an. Herri kantuen eta euskal poesien nahasketa, jazza, musika garaikidea eta aire tradizionalak oinarrian dituen emanaldia egingo dute.
Bonoak salgai
Lau kontzertuetarako bonoak salgai jarri dituzte, 28 euroren truke. Sarrera solteak ere eros daitezke, 10 euroan. Bonoak Herri Antzokian daude salgai eta sarrerak antzokian eta Kutxabanken.