Legorreta 2030 Plan Estrategikoa egiteko prozesua aurkeztu dute
Udalak aho batez onartu du Legorretaren etorkizuna erakitzen hasteko prozesua martxan jartzea. Herritarrek parte hartzea eskatu dute
Legorreta 2030 Plan Estragikoa aurkeztu dute. Zelai Amenabarro Legorretako alkateak adierazi du, «agintaldi honetako proiekturik garrantzitsuena» dela. Udal gobernuaren proposamena, aho batez onartu zuten EH Bilduk eta EAJk udalbatzan, eta prentsaurrean azaldu dutenez, laster hasiko dira herritarrekin plana lantzen. Aurkezpenean, alkatearekin batera agertu zen EAJko Aitziber Meabe zinegotzia. Meabek ere nabarmendu du «oso garbi» zeukatela «Legorretak plan estrategiko bat behar zuela», eta «horren alde» egin dutela, «adostasun batera ailegatu eta hortik aurrera, dokumentu minimo bat edukiko dugu, oso beharrezkoa, Legorretaren garatzeari nola eutsi jakiteko».
Zelai Amenabarro alkateak azaldu duenez, «prozesua herrian garatuko» dute, izan ere, «herritar eta eragile guztiekin elkarlanean» egin nahi dute. Elhuyar izango dute bidelagun, plan estrategikoa lantzeko prozesuan, «guztion parte hartze egokia bermatzeko», erantsi du alkateak.
Legorreta 2030 Plan Estrategikoak, etorkizunera begira jartzen ditu Legorreta bera eta legorretarrak. Amenabarrok ere horrela agertu zuen aurkezpenean: «Legorretak gaur egun zer premia dituen, baina batik bat, etorkizunera begira zer premia izango dituen zehaztuko du, nolako herria nahi dugun etorkizun batean, eta hain juxtu, 2030era begira jarri nahi dugu». Parte hartze prozesuarekin, «Legorreta nolakoa izatea nahi dugun adostuko dugu eta horregatik oso-oso garrantzitsua da, prozesuak ezaugarri bat izatea; partaidetza».
Herriaren etorkizuna
Horren harira, alkateak argitu du, hau ez dela «alderdi baten edo udal gobernu baten, datorren urterako aurrekontu bat egiteko erabakia, baizik eta, herriaren etorkizunean eragingo duen proiektu ardatza izango» dela, eta horrek, eskatzen duela, «denon parte hartzea bermatzea, eta horixe izango da, hain zuzen ere, udalaren lehentasuna». Elhuyarko teknikaria den Amaia Zarrabeitiari hitza pasa aurretik, Amenabarrok bi ezaugarri nabarmendu ditu. Batetik, «epeak», datozen asteetan hasiko direlako prozesuarekin, eta urte bukaerara arte egongo da martxan. Alkateak nabarmendu duenez, asmoa da, «urte berriarekin batera, gauzatzen hastea bidean proposatutako proiektuak».
Bestetik, prozesuan garrantzia handia izango duen gai bat aipatu du udaleko buruak; «zaintza». «Legorreta, Euskal Herri osoa bezala, aldatzen ari da, eta aldaketa horiek areagotu egingo dira, datozen urteetan. Pandemiak, erakutsi digu, zaintzak nolako garrantzia duen , eta ondorioz, prozesuaren gai sakonetako bat izango da».
Hiru hanka
Zabarrabeitiak azaldu du Elhuyarretik nola irudikatu duten, edo aurreikusi duten prozesu hau egitea; «bi ardatz nagusi izango ditu». Bata da, «partaidetzarena, eta bestea da zaintzarena». Bi aldagai horiek kontutan hartuta, landu dute eta adostu dute Legorretako udal ordezkariekin, prozesua nolakoa izango den.
Alde batetik, gaiei dagokienez, hiru hanka izango dituela azaldu du Elhuyarko teknikariak, baina argitu du, horrek ez duela esan nahi bakarrik hiru gai horiek landuko dituztenik; nolabait egituratzeko, horrela antolatu dituztela baino ez. Hala, zaintza, herrigintza (kultura, euskara, gazteria, bizikidetza…), eta udal antolamendua (herri antolaketa, ingurumena, energia,…) landuko dituzte.
Bestetik, partaidetzari dagokionez, espazio desberdinak aurrikusi dituzte. Lehenik, aurrelanketa edo diagnostiko partekatua egiteko gaikako hiru mahai osatuko dituzte, non udal teknikariek, politikariek eta herritar batzuek parte hartuko duten. Hori, irailean izango da. Ondoren, mahai zabalak deitu dituztenak izango dira, non udal teknikarik eta herritarrek parte hartuko duten. «Diagnostikoa osatzeko eta eztabaidatzeko, baina gainera, aurrera begirako erronkak zehazteko eta herriaren bide orria diseinatzeko» baliatuko dute.
Bi larunbatetan, mahaia
Urriaren 16an izango da lehen mahai zabala, eta azaroaren 13an bigarrena, larunbata biak, «ahalik eta herritar gehienak izan dezan parte hartzeko aukera». Bi horien artean, hitzaldi bat antolatu dute. Zarrabeitiak jakinarazi duenez, «Legorretaren antzeko ezaugarriak dituzten beste herri batzuetan zer egiten ari diren ikusteko eta inspiragarriak izan daitezkeen adibideak jasotzeko».
Abendu bukaerarako aurreikusten du Elhuyarrek prozesua borobiltzea eta dokumentu batean jasoko dituzte aurrera begirako erronkak.