Maialen Mediavillak bizitzako etapei buruzko ipuina argitaratu du
'Copito de nieve' ipuina Andaluziako Mister Momo argitaletxearekin kaleratu du. Ilustrazioak Jerez de la Fronterako Tamara Duran marrazkilariak egin ditu
Maialen Mediavilla Iraola urretxuarrak haurrentzako ipuin bat argitaratu du. Bizitzako etapei buruzkoa da eta Copito de nieve du izenburua. Mrmomo.es webgunean eta idazlearekin harremanetan jarrita eskura daiteke.
Mediavillak erizaintza ikasi zuen. Duela urtebete arte Zumarragako ospitalean lan egin zuen eta egun Bergarako anbulatorioan lan egiten du. Duela lau urte bere hausnarketak Instagramen argitaratzen hasi zen eta prozesu horrek haurrentzako ipuina argitaratzera eraman du. «Formakuntza prozesu bat hasi nuen eta hausnarketa pertsonal batzuk aurkezteko eskatu ziguten. Idazten ez nintzela gaizki moldatzen ikusi nuen eta Instagramen profil bat irekitzea erabaki nuen. Bertan nire hausnarketak elkarbanatzen ditut. Mendian inspiratu egiten naiz eta Belokira nindoan batean istorio hau bururatu zitzaidan», azaldu du urretxuarrak.
Etxera iritsi eta idazten hasi zenean, istorioak ipuin forma hartu zuen. «Familian heriotza bat ematen denean, askotan ez dugu haurrekin partekatzen, haurrak babesteko. Baina nire ustez haurrek gertaera familiako gainontzeko kideekin partekatu behar dute, beraiek ere dolua pasa ahal izateko. Ipuin hau haurrei bizitzaren zikloa azaltzeko modu polita iruditzen zait. Balore asko dituen ipuina da eta bakoitzak bere zentzua aurkituko dio».
Istorioa
Ipuineko protagonista elur maluta bat da. «Laino batean jaio ondoren, zerutik lurrera erortzen hasten da. Hor haurtzaroa islatzen da: gozamena, poza, gauza berriak ezagutzeko gogoa, harritzeko ahalmena… Baina lurrera hurbiltzen den heinean, lurrera heltzen diren elur malutak desagertu egiten direla jabetzen da. Horrek estualdia sortzen dio: zer gertatuko da nirekin lurrera heltzen naizenean?, galdetzen dio bere buruari. Beldur horrek blokeatu egiten du eta bere poztasuna deuseztatzen du. Guztioi gertatzen zaigu, heriotzaren kontzientzia hartzen dugunean. Une horretatik aurrera, beldur horrekin bizi behar dugu eta askotan blokeatu egiten gaitu».
Horri aurre egin beharra dago, ordea. «Protagonistari beste elur maluta bat gerturatzen zaio eta zer gertatzen zaion galdetzen dio. Ondoren, jakintsu batek kontatu zion istorioa kontatzen dio: elur malutak ez direla desagertzen lurrera heltzen direnean. Erreka batera iristen direnean errekarekin fusionatzen direla, adibidez. Bizitzaren zikloa azaltzen dio: bera maluta bat dela, baina beste batzuk izebergak osatzen ari direla, beste batzuk lurrundu egin direla eta berriro lainoak osatzen ari direla… Nahiz eta forma ezberdinak eduki, denen esentzia berbera da. Bizitza ziklo bat da eta existentziak ez du amaierarik, forma ezberdinak hartzen ditugu. Amaiera batek beti hasiera bat dakar, bai heriotzaren aurrean eta bizitzako edozein transformazioren aurrean», aipatu du.
Ipuina idatzi ondoren, Mediavilla Andaluziako Mister Momo argitaletxearekin harremanetan jarri zen. «Ipuina lehiaketetara aurkezteko asmoa nuen. Interneten lehiaketak bilatzen hasi nintzela, Mister Momo argitaletxearen iragarki bat ikusi nuen. Ipuina bidali nien, gustatu egin zitzaien eta argitaratzea erabaki zuten. Aukera hori eman zidaten».
Liburuko ilustrazioak Andaluziako ilustratzaile batek egin ditu. «Ilustratzailerik ez nuenez, lan hori beraien esku utzi nuen. Ilustrazioak Tamara Duran andaluziarrak egin ditu, baina argitaratu aurretik erakutsi egin dizkidate eta iritzia eskatu didate», azaldu du.
Mediavillari ilusioa egiten dio bere ipuina argitaratua ikusteak. «Nire barrutik atera den zerbaitek liburu forma hartu duela ikustea oso polita da. Gainera, oso koloretsua da eta oso ondo islatzen du nik nahi nuena. Ipuin forma har dezakeen beste istorio bat bururatzen bazait, hori ere argitaratu egingo dut».