Arrakaletatik ateratako ipuina
Igartza Literatura Beka Olatz Mitxelena Larretak irabazi du, 'Arrakalak' proiektuarekin. Edonoren zaurietatik, minetatik, kezketatik… ateratako ipuin bilduma bat izango da
Igartza Literatura Bekaren 24. alea ipuin-bilduma bat izango da: Arrakalak, Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarrarena. «Denok ditugun arrakalak kontatu nahi ditut», azaldu zuen Mitxelenak atzo, saria jasotzerakoan. «Arrakala batzuk, arinagoak: eguneroko kezkak, komunikazio falta, kontraesanak… sakonagoak, besteak: obsesioak, miseriak, amatasuna, heriotza…».
Mitxelena bere bizipenetan oinarritu da istorioak sortzeko. Buruan bueltaka darabilen hausnarketa bati, esaldi bati, irudi bati… forma emanda idatziko ditu ipuinak. Kontakizunak, ordea, unibertsalak izango dira: «Nire arrakala propioak izan dira idaztera eraman nautenak. Baina oinarrian hori egonagatik, ingurukoenak ere badira, noski. Nire arrakalen bidez ingurukoenetan miatzen eta behatza sartzen ari naizela esan nezake».
Zenbat istorio izango diren denera ez du argi. Idatzi ahala erabakiko du: «Plazer hori oparitu nahi diot orain nire buruari». Baina argi du estiloak nahasten ibiliko dela istorio bakoitzean: «Arrakalari begiratzeko bi begirada izango dira: intimoagoa eta hausnarketari lotuagoa, bata; jolastiagoa, bestea. Absurdora eta surrealismora gehiago hurbiltzen dena». Erosoago sentitzen da hala. «Iruditzen zait fantasia puntu horrek aukera ematen didala errealitateaz hobeto hitz egiteko. Distantzia ematen dit». Umoreari ere ez diola muzin egingo aurreratu du.
Kontakizunak gordinak izango dira, ordea, sakonak. «Bizitzaren eta pertsonen alde ilun horiek azpimarratu nahi ditut. Horiek bakarrik ez, baina bizitza hori ere bada», defendatu zuen. «Batzuetan joera bat ikusten dut alde ilunago hori ezkutatzekoa edo salbuespen edo akzidente bat balira bezala begiratzekoa. Eta uste dut bizitzari serio, zintzo begiratzeko, beharrezkoa dela hori presente edukitzea».
Urtebeteko epea izango du liburua ontzeko. «Presioa bada; hori ezin da ukatu. Baina esan behar dut, normalean presioa akuilu izaten dudala eta konpromisoak, egin beharrak, epeak… egiten eta sortzen laguntzen didatela».
Hitzen zalea
Oiartzuarrak aspalditik du idazketarekin harremana. Esaterako, Azkue eta Urruzuno lehiaketetan saria ateratakoa da; Berriak antolatutako Bidai eta Mendi Kroniken Lehiaketan ere bi bider izan da finalista. Bergarako Idazle Eskolan ere ibilitakoa da, gainera. «Beti izan dut koadernoren bat edo beste inguruan, baina inoiz ez dut maiz eta asko idatzi». Orain arte. «Aurten, eta erabaki konszientea izan zen, urte hasieratik izan ditut bi koaderno ondoan. Eta horietatik sortu da, neurri batean, ipuin-liburu hau». Igartza Sarira lanen bat aurkeztu duen lehen aldia izan da, nahiz eta beka lehenagotik ere ezagutzen zuen. «Esateko zerbait nuela sentitu nuen». Bere lehen lan luzea izango da.
«Lotsatia eta hitz gutxikoa, baina hitzen zalea», bezala deskribatu zuen bere burua. Agian horregatik, motzera jotzeko ohitura du. «Irakurtzeko, nobelak eta ipuinak, biak ditut gogoko. Baina idazteko, ipuin-generoa dut gustuko. Nire buruan ez da nobelarik kabitzen».
Beasaingo Udalaren, CAFen eta Elkarren laguntza izango du liburua argitaratzeko. 6.000 euro jasoko ditu horretarako. Leire Artola alkateak Mitxelena zoriondu zuen saria ematerakoan, eta Beasainek euskararekin eta sorkuntzarekin duen konpromisoa azpimarratu zuen. Joxe Begiristainek, CAFeko euskara teknikariak, idazle eskolan klasekide izan zuen Mitxelena zoriontzeaz gain, baikortasun mezua helarazi zuen: «Urtero-urtero, eta ia badira 25 urte, ikusten dugu etorkizuna badagoela euskararen munduan».













