Ataun, Lurlab egile laborategia
San Gregorioko Bikarioetxean, norberak gauzak sortzeko eta fabrikatzeko Lurlab espazioa kokatu du Food Hack Lab elkarteak. Erremintak erabiltzen erakusten ari dira
Eguneroko beharretarako gauzak norberak sortzeko ohitura zabaltzen ari da Europan, makerspace edo hackerspace deritzaien guneen bidez. Hirietan eta gune urbanoetan jarritako espazio horiek, landa eremura ekartzeko ahaleginean ari da orain Food Hack Lab elkartea, eta Ataunen kokatu dute egile-laborategi bat. Andoni Munduate ataundarra da bultzatzaile eta koordintzaile, Eñaut Ezkurdia eta Naia Kerejeta lagun hartuta.
San Gregorio auzoko Bikarioetxe eraikin publikoan kokatu dute Lurlab gunea. Abuztuan hasi ziren formazio saioak eskaintzen interesdun guztiei, eta urte bukaerara arte behintzat egongo dira gidari lanetan, orduan amaituko baita udalarekin eta aldundiarekin hitzarmena.
«Makerspace hauek nazioartean fabrikazio digitaleko laborategi bezala ezagutzen dira. Normalean hirietan egoten dira, unibertsitate, ikerketa zentro edo innobazio sozialeko guneei lotuta. Nola dezenteko indarra hartzen ari den, landa eremura ekartzea erabaki dugu», azaldu du Munduatek; iaz Ataunen bertan Atari elkartearekin Bordak proiektua garatu zuen.
Erreminta edo tresna batzuk dauden espazioa da Lurlab. 3D inprimagailuak, CNC zenbaki-kontroleko fresagailuak, laser ebakitzaile eta grabatzaile makina bat, edo elektronika laborategitxo bat jarri dituzte. Azken helburua, norberak behar dituen gauzak, objektuak, piezak edo sorkuntzak bakoitzari fabrikatzeko aukera ematea da.
Errotuluak, eserlekuak…
Irudimenak eman ahala egin liteke: bide-seinaleak edo etxe-izen kartelak egurrezko errotuluan grabatu, soroko lurraren lehortasun maila jakiteko sentsore sistema, auzoan jartzeko eserlekua… «Gauza biologikoak ere egin litezke: baratze hidroponikoa jartzeko talde bat badago».
Jendeak laborategirako bidea eta erremintak erabiltzen ikastea lortu nahi dute. «Auzolan erara, denen artean zerbait egiteko modua ematen du; elkartu, zer behar den ikusi, eta egin». MIT Massachusetts Institute of Technologyn sortutako mugimendu batean dute sorburua makerspace guneek: Nola egin ia edozer gauza, ahalik eta erreminta gutxienekin idean.
Edonorentzat irekia
Auzolanerako ezezik, norberak etxerako behar dituen piezak edo gauzak sortzeko ere irekita dago Lurlab. «Helburua da edozein etortzea nahi duena egitera. Etxerako armario bat behar duela, edo garbigailuari pieza bat puskatu zaiola, eta, berria erosi beharrean, hemen egiteko; bizikleta edo arropa konpontzeko… Europako ingurumen politikako estrategia berriekin bat dator».
Garbi utzi dute eurak ez daudela inoren enkarguak fabrikatzeko, baizik laguntzeko eta tresnak erabiltzen erakusteko. Hala, asteko hiru egunetan ikastaroak edo saio gidatuak egiten dituzte.
Hirugarren zutabe edo helburu bat ere badute: ezagutza eta norberak egiteko filosofia hori hedatzea. Ataungo herri eskolarekin hartu-emanetan dira, ikasle, irakasle edo gurasoekin lantzeko. «Hidroponikoaren ikastaroa natur zientzietako curriculumean umeekin lantzeko egoki ikusten dugu. Edo eskolako elementuak egiteko, irakasleek 3D inprimagailu batek nola funtzionatzen duen jakitea interesgarria da. Gurasoekin, Montesori metodoko jostailuak egiteko…», aipatu ditu adibideak.
Europako landa eremuko makerspace guneen topaketa bat ere Ataunen antolatu nahi dute, sare horretan sartzeko. «Landa eremuan, urbanoan ez dauden erronka batzuk daude: talentua erakartzea eta bertan eustea, gazteek hirira alde egin ez dezaten. Bestetik, landa eremuko jarduera ekonomikoak balio erantsi gutxikoak eta ekonomikoki oso txiroak izan ohi dira; nekazaritza, adibidez. Hori hobeto egiteko eta efizienteago eta luzapen gehiagorekin izateko, teknologiak zerikusia du, eta teknologietara irispidea eskaini behar da».
Abantailak ere baditu: «Jendeak hobeto kontrolatzen du gauzak norberak egitea; eskulanera, artisautzara ohituago daude, eta gehienak industrian lan egindakoak dira».
Goierritar guztiei zabalduta dago Ataungo Lurlab. Lehenago abisatu (lurlab.org), eta saioren batera azaltzea da egokiena.