Dantzari baten istorioa
Kultura inklusiboko DravetTzari egitasmoarekin bat egin du Igartubeiti Baserri Museoak. Euskal jantzi tradizionalen erakusketa izango dute ikusgai urriaren 14ra arte.
Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak bat egin du kultura inklusiboko DravetTzari proiektuarekin, euskal kulturaren aukerei balioa emateko. 15 urteko dantzari baten istorioa kontatzen du DravetTzarik. Dantzari horrek, dantzaren bidez, motrizitatea, bizitzaren normalizazioa, adiskidetasuna eta enpatia hobetzen ditu. Gero Axular kultur taldearen eta Apoyo Dravet elkartearen arteko elkarlanetik sortutako proiektua da.
Horri lotuta, Igartubeiti Baserri Museoak, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Gero Axular dantza-ikuskizunetarako diseinatutako euskal jantzi tradizionalen erakusketa jarri du ikusgai urriaren 14ra arte. Jantzien bidez, jantzi bakoitzaren ezaugarri fisikoez gain, Dravet sindromea dutenen eguneroko bizimodua ezagutzeko aukera emango du erakusketak. Ikus-entzunezko materialarekin eta dantza emanaldi batekin osatuko dute erakusketa. Irailaren 25ean izango da, 18:00etatik aurrera. Gero Axular Taldeak Euskal Herriko dantza tradizionalen aukeraketa egingo du Igartubeitiko tolarean. Juan Luis Unzurrunzagak, Gero taldearen zuzendari eta koreografoak, dantza erabat integratzen duen murgiltze-ikuskizuna diseinatu du.
Aurrez aurre, agurra, alpargata, geroa, barrikada, godalet, fandango eta arin arin-a dantzatuko dute irailaren 25eko emanaldian. Ikuskizunerako beharrezkoa da aurrez izena ematea, museora deitu edo idatzita.