Gas natural likidotuzko lehen autokarra egin du Irizarrek
1.000 kilometroko autonomia dauka eta hiriarteko erabilerarako edo ibilbide laburretarako egokia da.
Irizarrek gas natural likidotuzko lehen autokarra egin du. II. klaseko Irizar i4 modeloko autokarrak 1.000 kilometroko autonomia dauka eta hiriarteko erabilerarako edo ibilbide laburretarako da, metropoli, aldiri, eskola-garraio eta enpresetarako edo diskrezionalki erabiltzeko egokia. Kriogeniko motako bi tanke zilindriko ditu, autobusaren maletategian kokatuta. 704 gas-edukiera eta zama osoan 830 kiloko pisua du. 49 toki ditu eserita, eta 13 bidaiari zutik.
Erregai ekologikoa alternatiboa eta ekonomikoa dela adierazi du enpresak ohar baten bidez. “Teknologia horren ingurumen onurek CO2 emisioak %25 murrizten dituzte, NOx emisioak %85 eta partikulenak %96, eta osasunari eragiten dioten airearen kalitaterako erreferentziazko emisioak zero inguruko mailetaraino murrizten dituzte”. Dieselak baino errendimendu termiko handiagoa ematen du, eta zarata %50 murrizten du. Kostu operatiboari dagokionez, murrizketa %30era irits daiteke.
Garapen berriaren bidez eskaintza zabaldu du Irizarrek. “Garraio publiko kolektiboaren erabilera sustatzen jarraitzea eta gizarteak eta klima aldaketaren erronkek eskatzen dituzten jasangarritasun proiektuak eraikitzea” du helburu enpresak.