Prebentzio-neurriak malguagoak izango dira gauerditik aurrera
Edukierak hiru laurdenetara zabaldu dituzte eta 03:00ak arte luzatu dute merkataritza, gizarte eta kultura jardueren amaiera ordua
Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia kontrolatzeko prebentzio-neurriak malgutuko ditu. Aldaketa gauerdian sartuko da indarrean. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak baieztatu du “Euskadi egoera desberdin batean aurrean” dagoela eta, ondorioz, “aurrera” egin daitekeela. “Egungo baldintzetan, egokia da jarduera sozial normalizatua berreskuratzeko trantsizio-etapa kudeatzea”, adierazi du sailburuak.
Goierrin intzidentzia tasa 150 kasuetatik behera dago; 103 kasu ireki daude eskualdea. Gainera, azken hilabetean ez da goirritarrik hil birusak jota.
Besteak beste, 03:00ak arte luzatu dute merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako itxiera-mugako ordutegia, orain arte baino bi ordu gehiago; edukierak %75era arte zabalduko dituzte, orokorrean. Izan ere, kirol edo kultur ekitaldietan, gehienez ere, 1.500 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan, eta 1.800 pertsona kanpoan. Gainera, 3.000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietan, gehieneko edukiera ez da ehuneko 40tik gorakoa izango, eta esparru irekietan, ehuneko 60tik gorakoa.
Diskotekek eta gaueko aisialdiari lotutako lokalek berriz ere irekitzeko aukera izango dute. Dantza egin ahalko da, baina maskara jantzita.
Gazte lokalak ezingo dira bihar ireki, baina gertuago dute itzulera. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %85ak txertxeketa osorik dutenean zabaltzeko aukera izango dute.
Zuhurtzia
LABIk azpimarratu du oinarrizko prebentzio-neurriak mantendu behar direla. Hala nola eskuen higienea, maskara erabiltzea, espazio itxiak aireztatzea eta jende-pilaketetan ez parte hartzea. Ondo bidean, neurriek hamabost eguneko iraupena izango dute. Egoerak onera egitea aurreikusten dute, eta neurriak are gehiago malgutu ahalko dira.