Sarek herriko plazetan egingo du biharko deituta zuen protesta
Bizi osoko zigorren aurka protestatzeko Arrasaten martxa bat antolatua zuten biharko; "presio izendaezina" argudiatuta, tokian tokiko plazetara lekualdatu dituzte mobilizazioak
Sarek, Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak, asmoak aldatu ditu eta tokian tokiko plazetan elkartuko dira zigor luzeen eta salbuespen legediaren aurka egiteko. Beasainen, Lazkaon eta Ordizian 12:30ean mobilizatuko dira; Urretxun eta Zumarragan 13:30ean, Potrosen.
Arrasaten egitekoak ziren martxa bertan behera uztea erabaki dute, “konfrontazio espaziorik ez elikatzeko”. Azken egunetan harrabots handia sortu du arlo politikoan eta mediatikoan, Unai Parot presoa omentzeko aprobetxatuko zutela baitzioten. Sarek gezurtatu egin zuen eta EAEko auzitegiak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuten manifestazioa debekatu. Halere, Sarek salatu du Arrasaten euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek «presio izendaezina» jasan dutela azken orduetan. Gainera, ultraeskuinak hainbat kontramanifestazio deitu ditu, Sareren ustez, “istilu bila”.
Martxa bertan behera utzi arren, aldarriari eusten diote. Sarek gogoratu du hamalau presok dituztela 40 urteko zigorrak, euskal presoentzat «ad hoc» prestaturiko 7/2003 legearengatik. Legea bertan behera uzteko eskatuko dute, giza eskubideen aurka doalakoan.