Bertako produktuak erosi eta dastatzeko aukera Zeraingo azokan
Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 27. Azoka ospatu dute Zerainen
Iaz egin bezala, aurten ere Zeraingo frontoian elkartu dira Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 27. Azokan parte hartu duten ekoizleak. Urtero bezala sasoiko barazki koloretsu eta freskoz bete dute azoka gunea, baina beste hainbat produktuz gozatzeko aukera ere izan dute herritarrek: pasta, olioa, marmelada, ogia, gozokiak, eztia, kontserbak, gazta, lekaleak, haziak, gatza, txerrikiak. Guztira 23 ekoizle bildu dira bertan, gehienak gipuzkoarrak, eta baita nafarrak eta iparraldekoak ere. Elikadura postuez gain, 6 artisau egon dira euren produktuak saltzen.
Oztopoak oztopo, posible izan da pandemia garai honetan Zeraingo azoka ospatzea, baina ekoizleek adierazi dutenaren arabera «asko nabaritzen da koronabirusak sortutako egoera». Hala ere, «oso gustura» ibili dira eta «salmentak ongi joan direla» aipatu dute.
Aurten gainera, nobedade batekin egin dute topo herritarrek, izan ere, produktuak erosteaz gain hauek dastatzeko aukera ere izan dute gaurko azokan. Ostatu parean sukaldaritza erakustaldia egin dute, bertako produktuak prestatu eta inguratu direnek hauek dastatu ahal izateko.