Kilometroen antolatzaileei harrera egin die Markel Olanok
Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastoletako ordezkariak Diputatu Nagusiarekin elkartu dira gaur, Donostian. "Euskararen biziberritze prozesuari indar betez bultzada berri bat emateko unea" dela azaldu du Olanok.
Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Kilometroak 2021 jaialdiko antolatzaileei harrera egin die gaur Donostian, Foru Aldundiaren egoitzan. Bilera horretan, aurtengo ekitaldiaren ezaugarriak eta helburuak azaldu dizkiote, eta Olanok bere atxikimendua adierazi die. Antolatzaileen aldetik, Nekane Artola eta Arantza Munduate (Kilometroak elkartea), Marian Iturrioz (Jakintza); Tere Irastorza (Andramendi) Iker Estensoro eta Xabier Maiza (San Benito) izan dira bilera horretan; aldundiaren partetik, Olanoz gain, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak ere parte hartu du.
Goierrin sortu zen Kilometroak egitasmoa duela 44 urte, eta aurten sorlekura itzuliko da berriz, “euskara eta euskal kulturaren alde” ekarpena egiteko. Diputatu nagusiak adierazi duenez, orain dela hainbat hamarkada eskualdeko hainbat familia, herritar eta andereñok “gorde eta biziberritu zuten euskararen sugarrak bizi-bizirik” dirau eta, hori ospatzeaz gain, “etorkizunera begira ere euskal hiztunon komunitatea indartzen eta zabaltzen jarraitzeko konpromisoa berritzeko” aukera eskaintzen du ikastolen festak.
Olanoren ustez, “euskararen geroa bermatzeko ahaleginean, belaunaldi berriek gure hizkuntza sano eta bizi-bizi erabili dezaten lortzeko etengabeko lanean, ikastolek funtsezko papera jokatzen dute, zalantzarik gabe”. Baina helburu hori gauzatzeko “ezinbestekoa da, baita ere, inguruko komunitate osoaren partaidetza eta ekarpena; herritarrok euskararen aldeko atxikimenduari eta konpromisoari eustea. Erabilera indartzeko testuinguru egoki bat sortzea, alegia, guztion zeregina da”. Diputatu Nagusiaren esanetan, “gure hizkuntzaren biziberritze prozesuari bultzada berri bat emateko unea da, indar betez, erabilera helburu. Desafio horrek eskatzen du lankidetzan sakontzea”, eta herritarrak animatu ditu Kilometroaken antolatutako ekintza eta ekitaldietan parte hartzera, antolakuntzak ezarritako osasun eta segurtasun gomendioak jarraituz, beti ere.