Antioko baseliza, Anne Igartibururen saio berrian
ETBk bihar estreinatuko du 'Duelo en las alturas' telebista saio berria. Euskal Herriko eraikin historikoak aztertuko dituzte, airetik eta eskaner bidez. Hainbat herritar agertuko dira saioan.
Antioko baseliza Ondarroako elizarekin eta Urkiolako santutegiarekin lehiatuko da bihar, ETB2ko Duelo en las alturas saio berrian. Saioa Anne Igartiburuk aurkeztuko du eta asteazkenetan emango dute, 22:30ean.
Duelo en las alturas programaren helburua Euskal Herriko arkitektura ezagutzera ematea da. Gazteluak, eraikuntza erlijiosoak, plazak, upategiak, hotelak… erakutsiko dituzte. Euskal Herria balio historiko eta artistiko handia duten eraikuntzez josia dago eta garrantzitsuenak ezagutzera emango dituzte.
Horretarako, astero hiru eraikuntza bisitatuko dituzte. Eskaner izeneko teknikari esker, ikusleek eraikuntza horiek inoiz ikusi ez dituzten moduan ikusi ahal izango dituzte. Gainera, bizilagunek eraikuntza horiekin lotutako istorioak eta pasadizoak kontatuko dituzte. Horretaz gain, saio bakoitzean ikusleek gehien gustatu zaien eraikuntzaren aldeko botoa emateko aukera edukiko dute.
Duelo en las alturas programakoak hiru aldiz egon ziren Antion eta Fermin Lopetegirekin, baseliza garbitzen duten lau emakumerekin (Maite Etxaniz, Kontxi Andueza, Asun Larrañaga eta Mari Karmen Garmendia) eta Gorka Hermosarekin hitz egin zuten. Gainera, Irrintzi taldeko dantzariek ezpata dantza egin zuten.