Joxe Mari eta Anjela, berriro elkarrekin
Anjela Kerexetaren erraldoiak lehen kalejira egin zuen ostiralean eta ondoren aurkezpen ekitaldia egin zuen: 144 urteren ondoren, Joxe Mari Iparragirrek eta Anjelak berriro elkarrekin dantza egin zuten.
Urretxuarrek Joxe Mari Iparragirre eta Anjela Kerexeta berriro elkartu dituzte. 144 urte pasa dira Iparragirre, familia Amerikan utzita, Urretxura itzuli zenetik. Duela 25 urte Iparragirreren erraldoia egin zuten eta ostiralean bere emaztea zenarena aurkeztu zuten. Joxe Mari eta Anjela elkarrekin daude berriro.
Aurkezpena jaien ordez antolatu duten Iraila Kulturalaren barne egin zuten. Anjelak lehen kalejira egin zuen, gainontzeko erraldoiek, dultzaineroek eta herritarrek lagunduta. Pagoetatik Ederrena pilotalekura joan zen.
Bertan, aurkezpen ofiziala egin zuten. Bertsolariek bertso batzuk abestu zituzten eta erraldoiek dantza egin zuten. Gainera, bertaratuek Kerexetak emandako elkarrizketa bat entzuteko aukera eduki zuten.
Erraldoi berriaren aurkezpenaren aurretik, Iparragirre 2020 erakusketa ireki zuten Juan de Lizarazu aretoan. Bertan, Iparragirrerekin eta bere jaiotzaren 200. urteurreneko ospakizunekin lotutako materiala bildu dute. Iparragirre 2020 erakusketa urriaren 3a arte egongo da zabalik. Juan de Lizarazu aretoa asteartetik igandera irekitzen dute, 17:30etik 20:30era.
Erakusketaren inaugurazioan, Jose Angel Igartzabalek liburuxka bat aurkeztu zuen. Bertan, Iparragirrerekin lotutako gertakariak eta ekitaldiak jaso ditu. Liburuxka doan eskuratu daiteke, erakusketan bertan.
Erakusketaren inaugurazioan eta liburuaren aurkezpenean Igartzabalek eta Maialen Fidalgo zinegotziak parte hartu zuten. Fidalgok Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenaren ospakizuna «gazi-gozoa» izan dela aitortu zuen. Gazia pandemiak behar bezala ospatzen utzi ez duelako eta gozoa auzolanean eta herrigintzan sakontzeko eta Iparragirreren figura hobeto ezagutzeko balio izan duelako. «Iparragirre mintzagai izan da Urretxuko etxeetan eta herriko kultur taldeek elkarrekin lan egin dute. Gainera, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko balio izan digu. Iparragirreren emaztea, Anjela Kerexeta, ezagutu dugu eta bere eskutik XIX. mendeko emakumea ezagutzeko aukera eduki dugu», esan zuen.
Igartzabalek Urretxu eta Iparragirre bihotzean daramatzala aipatu zuen. «Amaren aldeko familia Urretxukoa da. Nire aitona, Juan Jose Belaustegi, Iparragirreren jaiotzaren lehen mendeurrena ospatzeko eratu zen batzordeko idazkaria izan zen. Musikari handia izan zen eta Iparragirrek Gernikako Arbola konposatu izana zalantzan jarri zenean, Iparragirre defendatu zuen. Iparragirreren busto bat zuen eta busto hori nire etxean dago egun. Nire aitonaren anaiak, berriz, Iparragirreren lehen biografia idatzi zuen. Iparragirre Euskal Herriko ikono bat da eta maitasun handiz idatzi dut berari buruzko liburuxka».
Juan de Lizarazuko ekitaldiaren ondoren, Anjela erraldoiak lehen kalejira egin zuen, gainontzeko erraldoiek, dultzaineroek eta herritarrek lagunduta. Pagoetatik Ederrena pilotalekura joan zen.
Bertan, aurkezpen ofiziala egin zuten. Bertsolariek bertso batzuk abestu zituzten eta erraldoiek dantza egin zuten. Gainera, bertaratuek Kerexetak emandako elkarrizketa bat entzuteko aukera eduki zuten.
Larunbatean eta igandean ere Iraila Kulturaleko ekitaldiak egon ziren. Larunbat eguerdian, Kimuak taldeak genEroa dantza ikuskizuna egin zuen eta arratsaldean, hip hop jaialdia egon zen eta txistulariek kalejira eta alardea egin zituzten.
Igande goizean, berriz, folklore eta artisau azokak egon ziren. Arratsaldean, Esne Beltza eta Amak taldeek kontzertua egin zuten. Atzo, haur jolasak egon ziren kiroldegian.
En Tol Sarmiento
Iraila Kulturala larunbatean amaituko da, ETS (En Tol Sarmiento) taldearen kontzertuarekin. Bi emanaldi egingo dituzte, 18:30ean eta 21:00etan, pilotalekuan. Gonbidapenak gaur, bihar eta etzi banatuko dituzte, kultur etxean: 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. Bi gonbidapen banatuko dituzte pertsonako, gehienez.