Lurzoruari ipiniko dio aurten arreta Ataungo natura zikloak, bihartik
Agroekologia herrietara zabaltzeko bidean, lurzoruaren garrantzia eta haren galeraren kaltea aztertuko dituzte. Era askotako zazpi ekimen prestatu dituzte Otsotarrek
Iaz hasitako bidetik, Otsotarrak elkarteak II. Natur Zikloa antolatu du, Ataunen. Zazpi ekitaldi izango ditu egitarauak, formatu eta modu askotarikoak. Bihar hasiko da, urriaren 8ra arte.
Lurzorua izango du gai nagusitzat natura-zikloak, eta ondasun trukaezin horri buruzko arloak landuko dituzte, batik bat. Hain zuzen, egitarauaren biharko estreinaldia, lurzoru «ezezaguna» ezagutarazteko hitzaldia izango da, Neikerreko Nahia Gartzia edafologoaren eskutik.
Gai berarekin jarraituta, igandean ibilaldi gidatua egingo dute, EHUko bi irakasle doktorerekin. Arantza Aranburu geologoa eta Miren Itsaso Martinez biologoa lagun hartuta, «bertatik bertara» ezagutuko dituzte lurzoruaren ezaugarriak eta balioa.
Antzokian, izena emanda
Gainontzeko ekitaldi guztiak ere Ataungo Herri Antzokian garatuko dira, urriaren 2ko musika kontzertua izan ezik (Nazako atsedenlekuan). Erakusketa bat, Iñaki Antiguedaden hitzaldia, Landarlanen filmaren estreinaldia eta agroekologiaz maha-ingurua egingo dituzte.
Saioetara joateko izena eman behar da (otsotarrak@ gmail. com; 679 782 469).
ATAUN, II. NATUR ZIKLOA
· Bihar. Nahia Gartzia edafologoa (Neiker), ‘Lurzorua: oinazpiko unibertso ezezaguna’ hitzaldia. Herri Antzokian, 18:30ean.
· Bihartik irailaren 30era. ‘Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da’ erakusketa (EkolurENEEK). Herri Antzokian, 18:30etik 20:00etara (eskolak eta eragileak, hitzartutakoan).
· Irailak 26, igandea. Ibilaldia lurzorua ezagutzeko, Arantza Aranburu eta M. Itsaso Martinez geologia eta biologia doktoreekin (EHU). Astigarragako parketik abiatuta, 09:00etan.
· Irailak 29, asteazkena. Iñaki Antiguedad hidrogeologoa (EHU), ‘Trantsizio sozio-ekologikoa, lurraldetik abiatuta’ hitzaldia. Antzokian, 18:30ean.
· Urriak 2, larunbata. Andreina Jolin taldearen ‘Lurrari abestuz’ kontzertua. Nazako atsedenlekuan, 18:30ean.
· Urriak 6, asteazkena. Mahai-ingurua: ‘Agroekologia herrietara hurbilduz: esperientziak eta hausnarketak’. Mari Jose Imaz, Aintzira Oñederra, Sakanako Garapen Agentziako kide bat, eta Xabier Lejarzegi. Antzokian, 18:30ean.
· Urriak 8, ostirala.‘Zure platerean hasten da mundua’, agroekologiari buruzko filmaren aurre estreinaldia (Landarlan). Antzokian, 18:30ean.