Porrotarekin hasi dute liga
Goierri Gorrik denboraldiko lehen partida jokatu du asteburuan. Lehen taldean aldaketak egin dituzte: jokalari gazteak sartu dira eta Eneko Jauregi da entrenatzailea
Goierri Gorrik ez du nahi bezala hasi 2021/2022 denboraldia. Lehen jardunaldian 1 eta 0 galdu zuten Zarautzen aurka. 10. minutuan sartu zieten gola; berdintzeko denbora eta aukerak izan arren, ez zuten lortu.
30 jardunaldiko liga dute aurretik egoera iraultzeko. Gero, lortutako postuaren arabera, igoera edo jaitsiera fasea jokatuko dute. Iaz ez jaisteagatik borrokatu behar izan zuten; aurten lasaiago ibili nahi dute, nahiz eta Eneko Jauregi entrenatzaileak dioen ez dutela helburu zehatzik jarri. «Helburua lehiakorra izatea da», dio Jauregik.
Lehen taldeak ez du iazkoaren antz handirik: jokalari gazteak heldu dira beheko mailetatik eta entrenatzailea ere berria da. «Oso gogotsu nago eta neskak ere irrikatan sumatzen ditut. Taldean oso giro ona dugu», azpimarratu du entrenatzaileak. Jauregik hamabi urte daramatza entrenatzaile lanetan, baina neskekin lehen esperientzia du.
Talde berria izanik, oraindik hobetzeko tarte handia dutela onartu du entrenatzaileak. Halere, denbora gutxian progresio handia izan dutela ere gaineratu du. «Lana nabari da», baieztatu du. Behetik eta azkar jokatzea gustatuko litzaioke Zumarragako entrenatzaileari, eta bide onetik doazela konbentzituta dago. Baina ligan ongi ibiltzeko gakoa jokamoldea egokitzen jakitea izango dela aurreratu du.
Asteburu honetan ez dute jokatuko, atseden hartzea egokitzen baitzaie. Ongi etorriko zaie, jokamoldea fintzeko.
Beasainek ere, galdu
Bestalde, Beasainen lehen taldeak etxean ezin irabazita jarraitzen du. Asteburu honetan 2 eta 3 galdu zuten Pasaiaren aurka.
Igor Gordobilen mutilak atsedenaldian 0 eta 3 atzetik ziren; bigarren zatian itxuraldatuta irten ziren eta Pasaia estu hartu zuten. Claverrek lehenengo eta Orbegozok ondoren, aldea murriztu zuten. 20 minutu zituzten aurretik punturen bat gutxienez lortzeko, baina hirugarren golik ez zen iritsi. Sailkapenaren erdian daude orain, 6 punturekin.












