Txirrindularitzari irribarrea badoakio
Garikoitz Bravo txirrindulariak azkeneko karrera igandean egin zuen. Profesional ibilbideari agur esan dio, 12 denboraldiren ondoren. Talde-gizona, Euskaltel berriaren eraikuntzarako zutabe izan da.
Igandean jantzi zuen karrera bat lehiatzeko txirrindulari jantzia azkeneko aldiz Garikoitz Bravo Oiarbidek (Lazkao, 1989). Italian, Abruzzo eskualdeko Pescara hirian jokatu den Trofeo Matteotti lasterketan esan dio agur txirrindularitza profesionalari Euskaltel-Euskadiko kirolariak. 32 urte uztailaren 31n betea, 12 denboraldi egin ditu profesional.
2010ean, 21 urterekin jauzi egin zuen gora, Kontinentaleko Caja Ruralera. Profesional-Kontinentalera igota beste bi urte egin, eta 2013an World Tour maila goreneko Euskaltel-Euskadira iritsi zen. Proiektua urte hartan hondoratu zen, eta Bravok desertuko zeharkaldiari berrekin zion, Portugalgo Efapelen biziraun, eta 2015ean Murias Taldearen egitasmoan hasi zen.
Txirrindulari langilea eta euskal txirrindularitzaren isilpeko behargina izan da. Eta eraikitzailea. Bost urte Murias-Euskadin ibili zen, eta lehenago Caja Ruralen bezala, Kontinentaletik Profesional-Kontinentalera eraman zuten taldea. Azken bi urteak, Euskadi Fundazioarekin egin ditu, atzera laranjaz, gailurra zapaldu zuen Euskaltel haren oinordeko izan daitekeen proiektua gazteagoentzat eraikitzen.
Zor bikoitza dio ziklismoak
Ahalegin eskerga hori behar adina ordaindu gabe geratuko zaio txirrindularitza. Garaipen baten «zorra» sentitzen zuela aitortu zuen Goiberri-n, 2019an. Profesionaletan ez du karrerarik irabazi, baina 12 urteotako 578 karrera-egunetako 88.515 kilometroak garaipenak ditu.
Ibilbide luze horretan, Euskal Herriko Itzulia lau aldiz egin du, Espainiako Vuelta behin (2018). Monumentu deritzaien bi klasiko ere probatu zituen 2013an, Euskaltelekin munduko proba ospetsuenetako biran: Milan-San Remo eta Lonbardia.
Baina begiko probarik izan badu, «etxekoa» izan du hori: Ordiziako Proba. 2010eko lehenetik, 9 aldiz egin du Goierriko klasikoa; bi aldiz 8. amaitua du.
Lanaz gain, adeitasuna eman dio Bravok lehiaketari. Hain berezko duen «potro» esapidearekin edonori lagunkiro kasu egin zalea da. Igandean, betiko irribarre berarekin agurtu zuen pasiozko txirrindulari-bizitza; hainbeste eman dion, eta bueltan erdirik saritu ez duen kirola.