Boluntzariotza azokan hamasei elkartek jarriko dute postua Plaza Nagusian
Ostiral arratsaldean izango da eta boluntariotza arloan diharduten hamasei elkartek parte hartuko dute. Haien lana ikusaraztea eta informazioa ematea da helburua.

Boluntariotzaren azoka egingo dute Ordiziako Plaza Nagusian. etzi, ostirala, 17:30etik 20:00etara. Sarrera librea eta irekia izango da herritar guztientzat, hori bai, segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte.
Boluntariotza Azokak bi helburu nagusi dituela azaldu du Ainhoa Jimenez, Ordiziako Udaleko hezkuntza zinegotziak: «Alde batetik, Ordizian boluntariotzaren arloan lan egiten duten erakundeak eta elkarteak ikusaraztea eta haiei buruzko informazioa ematea eta egiten dituzten jarduerak eta, bestetik, boluntario berriak erakartzea».
Gainera, esker hitzak ere eskaini dizkie arlo desberdinetan boluntario aritzen diren ordiziar guztiei: «Izugarrizko lana egiten dute Ordizian boluntariotza eskaintzen duten talde eta elkarteek. Horiei gure aldetik eskerrik beroenak adierazten dizkiegu, izan ere, askotan isileko lana bada ere, behar-beharrezkoa da».
Horrez gain, ordiziarrei gogorarazi die elkarte hauek lanean aritzen direla, eta nolabaiteko zalantza edo laguntza behar izanez gero, horiengana jo dezaketela.
Hamasei elkarte
Ostiralean egingo den azokan, hamasei elkartek jarriko dute postua Ordiziako plazan: Afagi; Fiare; ACCU; AECC; Gurutze Gorria; DYA; Katxalin; Kimetz; Lagunkiro; Desjabetzeak Stop; Bakerako Lankidetza Batzarra; Odol emaileak, Karitas; Ekintza Bibe; Divina; eta Gainditzen.