Elkarlanetik, kaleak euskalduntzeko egitasmoa martxan jarri dute Goierrin
Lazkaon, Ordizian eta Beasainen egingo dituzte mintzalagun eta mintzatertulia saioak. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete, erakunde antolatzaileetara joz
Euskaragatik indarrak batu dituzte Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko euskara elkarteek eta euskaltegiek; 2021-2022 ikasturterako mintzalagun eta mintzatertulia egitasmoak martxan jarri dituzte. Helburu nagusia da, «Goierriko kaleen euskalduntzea». Xehetasun guztiak eman dituzte Beasaingo Aittu euskara elkarteko eta udal euskaltegiko ordezkariek, Lazkaoko Gerriko kultura elkarteko eta Maizpideko ordezkariek, Ordiziako Hitzaro euskara elkarteko eta AEK euskaltegiko ordezkariak, eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Kike Amonarrizek. Egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik dago.
Egitasmoa ez da berria, baina berrikuntza garrantzitsu bat dakar; oraingoan Goierriko hiru herritako Lazkao, Ordizia eta Beasainelkarte eta euskaltegiak elkarlanean jardun dutela.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazi duen moduan, «zoritxarrez ez da ohikoa horrelako elkarlana, baina ederra da». Toki bakoitzean errelitatea desberdina izan daitekeela ahaztu gabe, «antzeko erronken aurrean, batera ekitea» defendatu du, kasu honetan bezala, «eskualdeko saretzeak» eta «indar metaketa» bultzatuz, euskalduntze bide horretan, emaitzak lortzearren.
Egitasmoak, «garrantzia hirukoitza» duela ere esan du Amonarrizek: «Egindako lan handiagatik; elkarlanaren bidea zabaltzeagatik; eta euskararen biziberritze prozesuan pauso handi bat emateagatik».
Zer da mintzalaguna
Ondo azaldu zuten moduan, «Mintzalagun-taldea, euskaraz hitz egiteko gune bat da. Euskara ikasi edo ikasten ari den jendea, euskaraz ondo mintzatzen denarekin elkartzea dute helburu gune hauek».
Talde txikiak dira, «ohikoena hirukoteak dira; bi mintzalagun eta mintzalaguntzaile bat». Parte hartzeko, «euskaraz hitz egiteko gogoa, besterik ez da behar», nabarmendu dute.
Mintzatertuliak
Mintzatertuliak berriz, «aurrez erabakitako gai baten inguruan tertulia egitea da». Mintzalagunak, gaia ondo ezagutzen duenak, ematen dio sarrera, eta tertuliako partaideek, iritziak, galderak, esperientziak,… botatzeko aukera dute ondoren.
Goierrin, hiru herritan antolatu dituzte mintzatertuliak; Beasainen, Lazkaon, eta Ordizian.
Beasainen, bederatzi saio egingo dituzte. Hilaren azkeneko asteazkenetan izango dira, Igartza Jauregian. Lehena, irailaren 29an egingo dute, 18:30ean hasita. Egun horretan, Beasaingo Garin auzoko Maria Jose Lasa izango da mintzalaguntzailea, eta eleaniztasunaren bizipenak eta irakaspenak izango dituzte mintzagai.
Lazkaon, bi adar bereizi dituzte; saio batzuk Maizpiden, eta beste batzuk Gerriko Txokoan. Mintzalaguntzaileak herritarrak izango dira, gehienean. Aste honetarako bi saio antolatu dituzte. Atzo egin zuten lehena, Felipe Altuna mintzalaguntzaile zutela, haurtzaroa eta gaztaroa baserrian izan zen gaia. Urriaren 26rako antolatu dute hurrengo saioa. Egun horretan, Maite Urretabizkaia margolari lazkaotarra izango da mintzalaguntzailea. Maizpideko zineman egingo dute, 14:45etik 15:45era.
Ordizian, Ane Miralles mintzalaguntzaile dutela egingo dute lehen saioa, datorren urriaren 6an. Miralles, ordiziarra da, irakasle erretiratua eta bidaia-zalea. Bere zaletasuna ardatz hartuta, Ternuara egin zuen bidaia ekarriko du tertuliara.
Hurrengo mintzatertulia saioen inguruko informazioa, aurrerago zabalduko dute. Horren esperoan, bai aurreratu dute, otsailean, Lazkaon, eta maiatzean, Beasainen, hiru herrien arteko mintzatertuliak egingo dituzte.
Aurkezpenean garbi utzi nahi izan zuten, Goierriko beste herri batzuetako elkarteak eta euskaltegiak parte hartzera gonbidatu nahi dituztela.