Musika-maisu ezezaguna klasiko bihurtzeko lanean
Valentin Larrea Iturbe musikari eta sortzaile gabiriarra ahanzturatik atera dute haren bilobek. Errepertorio oparoa musikatuz berpizten ari dira. Organo eta ahots lanen saila Beran estreinatuko dute, zapatuan.
Auñamendi entziklopediako biografiatxoaz eta familian mantentzen zuten oroitzapenez aparte, ia ikusezina zen erabat duela bi urte arte Valentin Larrea Iturbe konposatzaile eta piano jotzailearen (Gabiria 1876 Iruñea, 1970) figura. Eta, musikari batentzat paturik okerrena betez, inork ezin zezakeen entzun haren sorkuntza. Gabezia artistiko eta injustizia historiko hori 2019an hasi ziren iraultzen Berazadi Larrea bilobak, aitonaren musika berreskuratu eta ospea berriro itzuli nahian.
Eta lortu dute, eginahalaren ahalez. Itxaso Aristizabalek 2019an Zarautzen eta Iruñean emandako bi piano kontzertutan erakutsi zuten Larrearen musikaren distiraren tamaina eta kalitatea. 2020an, hari instrumentu eta pianorako kontzertua estreinatu zuten Gabiria sorterriko elizan. Zarautzen, Hondarribian eta Bergaran lehengo larunbatean errepikatu dute. Gabirian Oiasso Kameratak eta Aristizabalek egin zuten kontzertua grabatu, eta diskoan argitaratu dute, aurten. Promoziorako erabiltzen ari dira, kontserbatorio, musika talde, orkestra, aditu eta kazetariei bidalita. Eta sendikoek entzuteko, noski.
Baina horren zabala eta anitza da Larrearen errepertorioa, ezen beste arlo bati heldu baitiote orain: organoa eta ahotsa. Beran (Nafarroa) estreinatuko dute kontzertua, larunbat honetan, San Esteban elizan 18:30ean.
Arakistain eta Barriola
Berako estreinaldirako 11 pieza aukeratu dituzte: bost organoa bakarrik, eta seitan ahotsarekin batera. Partitura modernoetara transkribatu dituzte. Izan ere, nahiz eta Larreak eskuz txukun eta dotore idatzita utzi zituen konposizioak, gaur egungo arauetara berridazten eta transkribatzen ari dira obrak.
Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiar gazteak eta Gabirian bizi den Xabier Barriola tenoreak aireratuko dituzte Larrearen aspaldi entzun gabeko lanak. Musika erlijiosoa da nagusiki, baina badira pare bat abesti eliza kutsutik kanporakoak ere.
Arakistainek aurten bukatu du organoko karrera Donostiako Musikenen, eta, hain justu, Valentin Larreari buruz idatzi du ikasketa amaierako lana. Puntuazio gorena eman diote. Austrian jarraituko du orain ikasten.
Mundu akademikora ireki
Hasieratik, helburu ugariko proiektuak dituzte Berazadi Larrea sendikoek aitona Valentinen musikarekiko. Zabalkundea da bat, eta musika-kontserbatorio, orkestra, koru eta interprete askoren ateak jo dituzte. Euskal Herriko konposatzaile ezezaguna baina bikaina da Larrea, maisu bat; eta dagokion lekuan jarri nahi dute: ikasleek ikas eta musikariek interpreta dezaketen tokian. Askok interesa agertu du.
Espainiako Musika eta Deklamazio Eskolan Madrilen ikasia XIX. mende bukaeran, Iruñeko Eslaba Kasinoko pianista titularra izan zen XX.ean luzaro. Aramendia boskotearekin alaitu zituen garaiko aristokraziaren Donostiako udaldiak. Musika asko eta ona sortu zuen Valentin Larreak, bilobek orain klasiko bihurtzeko bidean jarri dutena.