«Hasieran drama egin nahi nuen; uste nuen umorea ez zela serioa»
Josune Goenagak bizitza erdia baino gehiago darama munduan barrena umorea egiten. Zumarragarra Bernan bizi da gaur egun. Besteei barrea eragitea du lanbide, eta sortzea eta istorioak kontatzea pasio.
Nazioarteko aktore izatearekin amets egiten zuen Josune Goenagak (Zumarraga, 1984) haurra zenean. Ekinaren ekinez, ametsak —batzuk behintzat— bete dituela esan dezake gaur egun. Umorea da haren esparrua, baina, diziplina askotan aritzea du gustuko: antzerkia, zirkua eta variete-ak egiten ditu, eta beste batzuentzako lanak ere zuzentzen ditu.
Manuel Schunter senarrarekin batera lan egiten du. Komikoa da hura ere, eta Salli eta Pirelli moduan aritzen dira taula gainean elkarrekin. Bi alaba dituzte: Ameliak 7 urte ditu, eta Matildak hamalau hilabete. Bernan (Suitza) bizi dira egun, baina, etorkizunari begira jarrita, Goenagak ez du ezer baztertzen. Besteak beste, antzerki eskola bat sortzea, Kanadan bide berriak urratzea eta euskaraz lan egitea ere gustatuko litzaiokeela esan du: “Irekita nago askotariko proiektuetarako”.
Haurra zinenetik erakarri al zaitu antzerkiaren munduak?
Beti izan naiz pertsona sortzailea. Istorioak idaztea, kontatzea… asko gustatu izan zait. Fantasia handia daukat, eta oso ameslaria izan naiz haurra nintzenetik. Oholtza gainean aritzea ere betidanik gustatu izan zait.
Oso gaztea zinen Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldean hasi zinenean. Nolako oroitzapenak dituzu?
Bai, 12 edo 13 urte nituen. Taldeko gazteena nintzen. Antzerki taldean hasi nahi nuela sartu zitzaidan buruan. Hara joan, Juanlu Eskuderorekin hitz egin, eta hala hasi nintzen. Oso gustura egon nintzen; asko ikasi nuen haiekin. Antzerkiaren munduarekin izan nuen lehendabiziko harremana zen, eta oso baliagarria izan zen niretzat.
Oinarrizko ikasketak amaituta, Zumarraga utzi eta Madrilera joan zinen.
Madrilgo William Layton antzerki laborategian ikasi nuen hiru urtez. Askotariko diziplinak landu genituen arren, Stanislavski metodoan oinarrituta zegoen eskola: antzerki teknika serioa eta zurruna da, eta testu klasikoak lantzen genituen, batez ere. Oso serioa zen. Nik garai hartan drama egin nahi nuen; sinetsita nengoen hori gabe ez nuela lortuko aktore ona izatea. Uste nuen umorea ez zela serioa. Baina gauzak zer diren, hiru urte horiek Shakespearen obra guztietako neskameen rolak interpretatzen pasatu nituen; oso komikoak ziren denak. Ez nuen ulertzen zergatik egokitzen zitzaizkidan niri beti rol horiek.
Umorearen generoarekin bat egitea kostatu egin zitzaizun, orduan.
Ikasketak amaitu nituenean, Madrilgo eskolako zuzendariak, Francisco Vidalek, esan zidan zalantzarik gabe komedia zela nirea. Hasieran, kolpe gogorra izan zen niretzat.
Madrilgoak amaitu, eta Sevillara (Espainia) joan zinen ikasketekin jarraitzera.
Sevillako Centro de Formacion Escenicara joan nintzen. Han ezagutu nuen clown generoa, eta zerbait puskatu zen nire barruan. Onartzea kostatu zitzaidan arren, umoreari aukera bat ematea erabaki nuen orduan. Ikasturte horretan, negar asko egin nuen. Sevillatik Madrilera itzuli nintzen, eta urtebete inguru eman nuen nire ikuskizun propioak sortzen. Jogo Teatro konpainia sortu nuen. Hala, bilatuz, aurkituz, probatuz, hanka sartuz… aukera izan nuen lanbideari buruz asko ikasteko. Horretan nenbilela ezagutu nuen Peter Shub [aktore, clown eta zuzendaria], eta, haren aholkuz, Parisko Philipe Gaulier eskolara joan nintzen clown teknikan sakontzera. Bi urte eman nituen han. Clown generoa nire neurrira egina dagoela konturatu nintzen orduan. Artearen komedia, maskaren teknika eta beste probatu nituen. Ordutik, lana izan dut beti; han ikasitako teknikak oso baliagarriak izan zaizkit.
Nola definituko zenuke clown generoa?
Clowna teknika bat da, oso teknika zehatza, eta, sudur gorria, berriz, munduko maskararik txikiena. Artearen komedia da. Clowna pertsonaia ergel bat da, baina maitagarria ere bai, neurri berean. Bere ergelkeria gainontzekoei agertu nahi dien norbait da, horrekin barre eginarazi nahi duena. Clowna gai da bere ahuleziez barre egiteko. Hori onartzea ez da beti erraza; aktore bezala barneko lanketa bat eskatzen du. Lehendabizi, norberaren ahuleziak eta gabeziak onartu behar dira, horien gainean barre egiten ikasi, eta, azkenik, ahulezia horiek gainontzekoei erakusteko gai izan. Behin hori lortuta, asko asebetetzen duen lana da clownarena.
Parisera itzulita, garai hartan zure ibilbide profesionala bideratu zenuen, baina baita pertsonala ere; izan ere, Parisen ezagutu zenuen gaur zure senarra dena.
Manuelek eta biok bufoi ikastaro batean ezagutu genuen elkar, Philipe Gaulierren eskolan. Hasieran ez ninduen askorik erakarri, egia esan. Ikastaroan, Adam eta Evaren rolak antzeztea egokitu zitzaigun, eta halaxe sortu zen maitasuna gure artean, taula gainean. Ordutik, ez gara banandu.
Zer asmo zenuen?
Hasieran, Parisen geratzea. Besteak beste, aktore moduan lan baldintzak beste leku batzuetan baino hobeak zirelako. Parisera joan aurretik, Manuelek clown ikastaro bat egin zuen Suitzako Dimitri antzerki eskolan, eta, horri esker, kontaktuak zituen Suitzan eta Alemanian. Egoeraz hausnartu, eta erabaki genuen elkarrekin geunden bitartean berdin ziola munduko zer lekutan lan egin. Ez dugu sinisten urrutiko harremanetan, eta hasieratik garbi izan dugu elkarrekin joango ginela batak edo besteak lana aurkitzen zuen tokira.
Manuel alemaniarra da, eta, hari esker ,Alemanian eta Suitzan lan egiteko aukera izan zenuen gero.
Parisko ikasketak amaitu eta segituan, lana eskaini zioten Manueli, Alemaniako Das Letzte Klenoid konpainian. Bisitan joan nintzen batean proiektuko zuzendariak ikusi ninduen, eta Gabonetan egiten zuten ikuskizunerako lana eskaini zidan. Nik ez nekien alemanez hitz egiten orduan, eta haurrentzako antzerkia egiten hasi nintzen.
Das Letzte Klenoid konpainiarekin egin zenituen lehendabiziko lanak atzerrian.
Proiektu asko egin izan ditut haiekin ordutik, eta guztiak oso bereziak izan dira. Gaur egun oraindik, haientzat lan egiten dugu. Konpainiaren egoitza nagusia tren geltoki zahar batean dago. Han egiten dituzte entseguak, eta tren bat daukate, birak egiteko eta antzezteko prestatuta. Tren horretan bidaiatu izan dugu Alemaniako iparraldean barrena; han lan egin, eta bizi izan gara. Geldialdi eta geldialdi artean, batzuetan trenean bertan antzeztu izan dugu, eta, beste batzuetan, leku bereziagoetan: eliza txiki batean, uharte batean, itsasontzietako edukiontzien artean, portuetan…
Suitzan Circus Monti zirkuan lan egiteko aukera sortu zitzaizuen gero.
Suitzako komedia zirkurik handiena eta ezagunena da. Karabana batean bizi ginen, eta urtebete eman genuen horrela. Maitasun proba handia izan zen guretzat.
Ordutik egindako lanen zerrenda amaigabea izan da.
Proiektu askotan lan egiteko aukera izan dut. Suitzako San Gotardo tunelaren inaugurazio ekitaldian parte hartu nuen 2016an, Voker Hesse zuzendari alemaniar ospetsuaren ikuskizun batean. Aurretik, Bartzelonako Mugarik Gabeko Pailazoak eta Alemaniako Clowns Without Borders taldeekin zenbait irteera ere egin nituen. Melillan [Espainia], Kenyan, Jordanian… aritu izan gara ikuskizunak egiten, umezurztegietan, emakumeen kartzeletan, ospitaleetan, errefuxiatuen kanpalekuetan… Parisen nengoen bitartean, beste ate batzuk ireki zitzaizkidan. Zirku batean entseatzeko aukera izan nuen; akrobaziak eta aireko ariketak egiten ikasi nuen.
Noiz sortu zenuten Salli eta Pirelli bikote komikoa?
Hasieran, bakoitzak bere aldetik lan egiten genuen, nahiz eta gehienetan konpainia berean lan egin. Alaba zaharrena jaio zenean, gauzak aldatu egin ziren, eta orduan sortu genuen Salli eta Pirelli bikotea. Ordutik aurrera, batari nahiz besteari lanen baterako deitzen zigutenean, bikote moduan lan egiteko aukera proposatzen genuen, eta, orain arte, ondo joan da.
Zer lan mota egiten dituzue gaur egun?
Antzerkia, zirkua eta variete-ak egiten ditugu, eta beste batzuentzako ikuskizunak ere zuzentzen ditugu. Antzerkiari dagokionez, Bernako Teatre Madame Bisseger konpainiako langile finkoak gara. Konpainia horrekin, baso baten erdian dagoen harrobi abandonatu batean antzezten dugu uda sasoian. Grisoniako kantonamenduan [Suitza], ikuskizun ibiltariak egiten ditugu herriz herri, beste antzerki konpainia batekin. Circus Montirekin ere lan asko egiten dugu. Eta variete-ak gala antzeko jardunaldiak izaten dira: horietan, Salli eta Pirelli modura aritzen gara.
Beste batzuentzako lanak egiteaz gain, ikuskizun propioak ere sortzen dituzue, hortaz.
Salli eta Pirelliren ikuskizun komikoez gain, beste proiektu bat daukagu orain esku artean. Parisen elkar ezagutu genuenetik, gure ikuskizun propioa sortu eta munduan bidaiatzearekin amets egiten genuen Manuelek eta biok. Munduan barrena bidaiatu dugu, elkarrekin lan egin dugu, eta familia bat ere osatu dugu, baina ikuskizun propioa sortzeko ametsa betetzeke geneukan oraindik. Orain amets hori beteko zaigu. Formatu txikiko antzerki ikuskizuna izango da, gainera, eta orain arte elkarrekin ukitu ez dugun esparrua da.
Aurreratu dezakezu zerbait proiektuari buruz?
Pom izena dauka ikuskizunak, eta Manuel eta ni Adam eta Eva izango gara, Parisen bezala. Umorea oinarrian duen ikuskizun bat da, barrea eragitekoa, baina hausnarketara ere bultzatuko du. Gai nagusia tentazioa izango da, eta, noski, elkar ezagutu genuen garai hari keinu bat ere bada. Urtarrilean estreinatuko dugu lana, Bernako antzoki batean, eta, ondoren, ikuskizuna inguruko antzokietan ematea da asmoa.
Ezohiko bizitza daramazuen arren, familia bat ere osatu duzue.
Hasieran, beldurra izan genuen. Gure ordura arteko bizimoduan eten bat egin beharko genuela iruditzen zitzaigun. Baina, zorionez, gauzak lasai hartuta, gure bideari jarraitu genion. Amelia, alaba zaharrena, segituan ohitu zen gure bizimodura, baina egia da honek guztiak familia antolaketa handia eskatzen duela. Lan bat ateratzen zaigun lekura guztiok elkarrekin joaten gara, eta, saioa egiten gauden bitartean, gure alabak zainduko dituen norbait egotea eskatzen dugu. Matilda jaio denetik, gauzak aldatu egin dira. Orain etxe bat daukagu Bernan, eta, lanik gehienak hemen egiten ditugunez, egoera bestelakoa da. Ameliak hiru urte bete zituen arte ez genuen izan etxe propiorik.
Nola eragin die koronabirusaren pandemiak zuen lanbideari eta bizimoduari?
Hasieran, latza izan zen. Lan dezente hitzartuta genituen, eta, bat-batean, ikuskizunak bertan behera geratuz joan ziren. Ni bigarren haurdunaldiaren amaieran nengoen. Ziurgabetasun eta urduritasun handiko garaia izan zen. Hasierako sustoa pasatuta, lasai egoteko aukera izan dugu, familia moduan asko gozatu dugu, eta Pom ikuskizunak gorputza hartu du. Orain, lanerako aukerak zabaldu zaizkigu berriz, eta datorren urtea lanez gainezka dugu.
Nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Antzerki eskola bat irekitzeko ideia beti egon da nire buruan. Ez dakit non eta noiz, baina egunen batean irekiko dut. Kanadan bide berriak jorratzeko gogoa ere badaukat. Orain, Bernan gustura gaude, baina nork daki. Euskaraz lan egitea ere asko gustatuko litzaidake; bertako konpainiaren batekin bada, hobe. Irekita nago askotariko proiektuetarako.