Abere eta nekazariak, baserritik herrira
Abere eta jaki eskaintza ikusgarria eskaini dute gaur Lazkaon ospatutako IX. Basherri Egunean
Ahateak, ahuntzak, ardiak, behiak edota astoak ikusteko aukera izan dute besteak beste gaur Lazkaora hurbildu direnek. 2012an sortutako ohiturari jarraituz, IX. Basherri Eguna ospatu dute gaur nekazari zein herritarrek, izenak dioen moduan, baserrikoa herrira jaitsiz.
Landalurreko Aitor Altunak azaldu duen moduan, pandemiak hala behartuta, aurten ere modu xumeagoan ospatu beharra izan dute igandeko azoka hau: «Bizi dugun egoerara egokitu beharra izan dugu beste behin, baina hala ere balorazioa positiboa izan dela esango nuke». Horrez gain, Altunak adierazi du «urtero nekazaritza produktuen postu gutxiago» izaten direla Basherri Egunean; bost postu egon dira soilik, frontoian. Hala ere, «produktuak ongi saldu direla» kontatu du Landalurrekoak, eta nekazariak «oso gustura» geratu direla gaurko egunarekin.
Abeltzainek, ordea, aberez bete dute Lazkaoko plaza gaur goizean, eta herritar ugari hurbildu dira animaliak ikustera. Eguna borobiltzeko asmoz, Lazkaoko Txiki Musika Eskolako ikasleak trikitixa jotzen ibili dira frontoi inguruan, horrela azokako giroa alaituz.
Bi saski eta hiru bono
Hasiera batean bertako produktuz hornitutako bi saski zozketatu ohi zituzten Lazkaoko Basherri Egunean. Aurten, ordea, Altunak azaldu duen moduan, saskiez gain ekoizleei zuzenean erosteko atera zituzten bonoak ere zozketatu dituzte azokan: «Baserritarrei zuzenean erosi ahal izateko hiru bono zozketatu ditugu, 100 eurokoak».