Maite Arraiza eta Aitor Mimenza garaile Josetxo Imazen 21. edizioan
Ordizian ospatu da Txindoki Atletismo taldeak antolatutako Josetxo Imazen 21. oroimenezko lasterketa. Gaztetxoenek eskola kiroleko probak egin dituzte goizean, eta ondoren helduek Ordizia, Beasain eta Lazkao gurutzatzen dituen lasterketa ezaguna jokatu dute
Aurtengoa ere ezohikoa izan den arren, neurri malguagoekin jokatu dute gaur Txindoki Atletismo taldeak antolatutako Josetxo Imazen 21. oroimenezko lasterketa. Musukoen presentziak bere horretan jarraitzen du, baina lehengo urtean jokatutako lasterketan ez bezala, gaurkoan makina bat ikuslek izan dute Altamira estadioko harmailetan egoteko aukera.
Gaztetxoenek eman diote hasiera gaurko egunari goizean jokatutako eskola kiroleko probekin. Adin eta maila ezberdinetako ia 400 gaztetxok parte hartu dute bertan, 10:00etatik 11:00etara. bitartean. Honen ostean, lasterketa nagusiaren txanda izan da, baina hasi aurretik ixiltasun minutu bat gorde dute Iñaki Lopetegiren omenez. 11:00etan Altamiratik abiatu dira 10 kilometroko zirkuitua osatzeko, Beasain, Lazkao eta Ordizian barrena.
Proba irabazteko mutilen faboritoa Alexander Oiarbide zen arren, Aitor Mimenza elorrioarrak aurrea hartu dio ordiziarrari, horrela lehenengo postua lortuz. Nesken artean, Maite Arraiza lazkaotarra zen gaurko lasterketako faboritoa, eta halaxe izan da hain zuzen.
Jarraian gizon eta emakumezkoen sailkapena Josetxo Imazen 21. oroimenezko lasterketa honetan:
- Aitor Mimenza (00:30:43)
- Alexander Oiarbide (00:31:38)
- Unai Ibarra (00:32:09)
- Eneko Garin (00:33:10)
- Hossain Kaanache (00:33:46)
- Maite Arraiza (00:37:12)
- Izaro Rubio (00:38:45)
- Iraia Mendia (00:39:55)
- Maialen Gurrutxaga (00:41:43)
- Lourdes Colomo (00:43:19)