Hilabeteko Mitoaldia egingo dute Ataunen, Jentilen Etorreraren 40. urteurrenera heltzeko
Bernardo Atxagaren eta Miel A. Elustondoren hitzaldiarekin hasiko da IV. Mitoaldia, ostiralean. Jentilen Etorrera azaroaren 6an antzeztuko dute. Bien bitartean, astero hitzaldi, ibilaldi, emanaldi edo aurkezpenen bat antolatu dute Jentilbaratzak eta Barandiaran Museoak.
Urte seinalatua du 2021a Jentilen Etorrera antzezpenak. 40 urte bete dira, 1981ean lehenbiziko aldiz mitologiako pertsonaiekin kale antzezpena egin zutenetik. Aurrez, IV. Mitoaldia egitarauan jorratuko dituzte Ataunen eta Euskal Herrian mitologiarekin lotuta ondu diren hainbat gai.
Jentilen Etorrera, hain zuzen, egitarau horretako azken ekitaldia izango da, azaroaren 6an. Bi urtean behin egin ohi duten bezala, Auzoeta kiroldegian antzerkia jokatuko dute 50 bat herri aktorek. Bi emanaldi eskainiko dituzte, 19:00etan eta 21:00etan. Sarrerak aurrez jarriko dituzte, jentilbaratza.eus webgunean. Betiko egitura izango du: lehenengo, Ataun San Martinen kaleko jaitsiera eta kalejira egingo dituzte, 150 bat ataundarrek. Kiroldegiko ikuskizunak betiko formatua izango du, baina, 40. urtemugakoa denez, “berezi samarra, sorpresatxoren batekin eta hunkigarria” izango dela aurreratu dute Jentilbaratzekoek gaur, aurkezpen prentsaurrekoan Ataunen.
Atxaga eta Elustondo, hasteko
Mitoaldiko lehengo ekitaldia Joxe Arratibel idazle eta ipuin biltzaile ataundarrari eskainiko diote. Bernardo Atxaga idazlea eta Miel A. Elustondo kazetaria gonbidatuko dituzte, Mitoak eta kontu zaharrak, Joxe Arratibel hitzaldia eman dezaten. Urriaren 1ean, ostirala, Herri Antzokian 19:00etan hasiko dira.
Urri osoan, astean ekitaldi bat kokatu dute, gero. Ohiko ibilaldi gidatua ere Arratibelen sorlekuan egingo dute, urriaren 9an. San Gregoriotik Ergoenera joango dira, Jon Aizpurua gidari dutela. Inguru hartan jaiotako edo bizita beste ataundar ospetsu batzuen zertzeladak ere kontatuko ditu, bi orduko ibilaldian.
Hitzaldien atalean, beste bi ere izango dira: Aritza Bergara idazlearena bat, urriaren 20an. Mitologiaz eta jentilez trilogia bat idatzi du, eta bigarren eleberria aurkeztuko du Ataunen. Beste solasaldia, Francisco Etxeberria auzitegi-mediku beasaindarrak egingo du, urriaren 29an: Jentilen arrastoen atzetik. Gaztaroan, Ataungo mendietako kobazuloetan asko ibilia da Etxeberria. Zientziaren eta sinismenaren ertzetatik onduko du hitzaldia (gaztelaniaz).
Ikus-entzunezkoei ere tartea emango diete. Dar-Dar film laburraren eta Anderea dokumentalaren emanaldiak iragarri dituzte. Lehenbizikoaren egilea Paul Urkijo da, eta Joxe Migel Barandiaranek bildutako kondaira mitologiko batean oinarrituta ekoitzi du 10 minutuko Dar-Dar lana. Anderea, berriz, Yolanda Mazkiaran altsasuarrak egin du, Mari jainkosari buruz (78 min).
Barandiaran Museoaren lankidetzari esker, bestetik, Mitoaldiak dirauen bitartean tailer bereziak egingo dituzte ikastetxeetako taldeentzt, San Gregorion dagoen museoan.
IV. Mitoaldiaren egitaraua
- Urriak 1, ostirala. 19:00etan, Herri Antzokian. Bernardo Atxaga eta Miel A. Elustondo, ‘Mitoak eta kontu zaharrak, Joxe Arratibel’ hitzaldia.
- Urriak 9, larunbata. 09:30ean, San Gregoriotik Ergoenera, ibilaldi gidatua Jon Aizpuruarekin: ‘Ergoiena, Ataungo birika’.
- Urriak 20, asteazkena. 19:00etan, Barandiaran Museoan, Aritza Bergararen hitzaldia, ‘Mitologikatik Jentilakera’.
- Urriak 29, ostirala. 19:00etan, Paco Etxeberriaren hitzaldia: ‘Jentilen arrastoen atzetik’ (gaztelaniaz).
- Urriak 30, larunbata. 18:00etan, Herri Antzokian, ‘Dar-dar’ film laburraren eta ‘Anderea’ dokumentalaren emanaldiak.
- Azaroak 6, larunbata. Jentilen Etorrera, 40. urteurrena. 18:00etan jaitsiera eta kalejira, San Martingo plazatik Auzoeta kiroldegira. Ondoren, antzerkia (bi emanaldi).