Indusketa lanak berrabiaraziko dituzte Ordiziaren sorreraren bila
Josu Etxezarraga arkeologoak eta Gure Iraganako Nerea Iraolak eta David Canok egingo dute ikerketa. Ermitaren eta auzoko etxeen inguruan egingo dute lan
Ordiziaren sorreraren bila, San Bartolome auzoan indusketa kanpaina berri bat hasiko dute Josu Etxezarraga arkeologoak eta Gure Iragan taldeko Nerea Iraolak eta David Canok, urrian zehar. Oraingo indusketa saio berri honetan, San Bartolome ermitaz harago, auzoko beste eremu batzuetan egingo dute ikerketa lana; hain zuzen ere, ermitaren inguruan dauden erai- kinen inguruetan egingo dute, Ordiziaren sorreraz datu gehiago eman dezaken bilaketa lana.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, San Bartolome auzoaren lurretan egingo den hirugarren indusketaldi honek duen garrantzia nabarmendu du: «Ordiziarrentzat, San Bartolome beti izan da erreferentziazko leku bat, ahozko trasmisioak beti esaten zigun, Ordizia hemen sortu zela, eta ermitaren inguruan hilerria ere bazegoela, eta hau zela gure jatorria».
Ahoz aho transmititutakoak, «ez genekien kondaira ziren, errealitate ziren,… ez geneukalako horren ebidentziarik». Baina azkeneko urteetan Josu Etxezarragak eta Gure Iraganako kideek egin duten lanari esker, «hainbat aztarna aurkitu dira». Hiribilduaren aurrekoak horietako batzuk: XI eta XII. mendeko zeramikak; gaur-gaurkoz ezagutzen den ermitaren aurretik egon ziren beste bi elizen aztarnak; giza hezurren aztarnak; hilerri baten aztarnak;…
Orain arte egindako indusketek emandako fruituak, «tradizioak esaten zigun horrek oinarri zientifiko bat duela baieztatzen du, eta horrekin, benetan Ordizia hemen sortu zela».
Non bizi ziren?
Aspalditik ari da Ordiziaren jatorria berridatzi nahian Josu Etxezarraga arkeologoa eta indusketaren zuzendaria. Orain helburua da, «batetik, duela bi urte bilatu genituen aztarnak zabaltzea, hau da, bilatu genuen 1300. urte inguruko elizaren ezaugarrien inguruan datu gehiago biltzea, eta bestetik, eliza honen inguruan, lehen ordiziarrak non bizi ziren topatzea».
Elizaren inguruan egingo duten miaketa lana, urrian zehar egingo dute. Eta, San Bartolome auzoko bizilagunen baimenarekin, haien etxeetako lorategietan eta baratzetan egingo dituzten indusketa lanak, datorren urtean, uda partean.
Etxezarragak berak esan duenez, arbasoen etxeen aztarnak bilatzea «ez da ohikoa eta ez da erraza izango, baina merezi du saiakera egitea».