Udazken kulturalak ia berrogei ekitaldi izango ditu
Musika eta dantza emanaldiak, erakusketak, hitzaldiak... izango dira. Gaurtik azaroaren 7ra arte iraungo du zikloak
Beasaingo udazken kulturalak 40 bat ekintza izango ditu. Musika eta dantza emanaldiak, erakusketak, antzerki saioak, hitzaldiak, bisita gidatuak… izango dira, besteak beste. Leire Artola alkateak egitaraua “anitza” dela deskribatu du, “publiko eta perfil guztietara bideratua”; Xabier Matarranz kultura zinegotziak “potentea” dela gaineratu du. Gaur hasi eta eta azaroaren 7ra arte luzatuko da.
Josu Maroto margolariaren Masala soul project erakusketaren eta liburuaren aurkezpenak zabalduko du zikloa. Maroto Pakistanera joan zen Omar lagunaren ezkontzara, eta bidaian egindako 30 marrazkirekin liburu bat eta erakusketa osatu ditu. Jendaurrean aurkeztuko ditu, 18:45ean, Igartzako burdinola. Saioa amaitzeko Marotok marrazki tailerra eskainiko du. Erakusketa astebetez egongo da ikusgai.
Erakustaldi gehiago ere izango dira: ostiraletik aurrera Josu Marotoren eta Ekaitz Goikoetxearen Balio erantzia izango da Igartzako Jauregian; urriaren 8an, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatutako Burdingintzaren historia Beasainen erakusketa zabalduko dute, Igartzan. Ondarearen jardunaldiei lotuta Igartza bizi bisita gidatu-antzeztua egingo dute urriaren 16an.
Antzerkiak protagonismo berezia izango du. Besteak beste, Urrup konpainiak saio bakarrean bi antzezlan motz eskainiko ditu eta Vaya pack de Vascos obra ere etorriko da. Nerea Garmendia aktorea dabil tartean.
Musika
Postal kolekzionista taldeak Bagoi hutsak lana aurkeztuko du etzidamu. Erauskin plazan izango da emanaldia, euririk egiten ez badu behintzat. Ez da gonidapenik hartu beharko. Kalean izango diren emanaldietan sarrera librea izango da, edukiera bete arte. “Segurtasun neurriak betetzen jarraitu behar da eta eserita egon behar da. Ez badago tokirik ez dago tokirik”, eskatu du Matarranzek egitaraua aurkezterakoan, gaur goizean. Antton Valverde urriaren 15ean, Sin Mala Intencion 22an eta Letoniako abesbatza nazionala azaroaren 3an izango dira musika arloko beste saio esanguratsuenak.
Txistu alardea eta Aurtzaka Dantza Taldearen emanaldia frontoira itzuliko dira, iaz Usurbe Antzokian egin ostean. Dantzakiren erakustaldia ere bueltan da. Urriaren 31n izango da, Gernika pasealekuko frontoian. Artolak zehaztu du herriko hainbat espazio, tartean, Gernika pasealekuko frontoia, egokitu egingo dituztela ikuskizunak era seguruan egiteko. Ballet taldearen ikuskizuna izango da beste berritasunetako bat.
Atxipi elkarteak, lehengo Txilibutxofek, haurrentzako jolasak antolatuko ditu estreinakoz Udazken Kuturalean. Urriaren 23an izango da hori.
Lehiaketak
Arrano Kultur Elkarteak antolatzen duen Jendaurreko Margo Sariketa urriaren 17an izango da. Errezil sagar, fritu eta barazki lehiaketa, berriz, urriaren 26an. 30. eta 32. edizioak izango dira hurrenez hurren. Matarranzek datua nabarmendu du, “sendotasuna” adierazten baitu. Odolki dastaketaren lehaiketa ere egingo da, baina azoka berezirik gabe.
Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak antolatutako Mendi astea, Argizpiren rallya eta erakusketa, Goieniz zineklubeko saioak… ere izango dira.
Udal agintariek herriko elkarteen laguntza eta parte hartzea eskertu dute. “Udazken Kulturalaren filosofia betidanik izan da herriko elkarteen jarduna isladatzea. Poliki-poliki hasiak direnez, prest daude herriaren aurrean azaltzeko”: Argizpik, Atxipik, Aurtzakak, Arrano kultur elkarteak, Aizkorri mendizale elkarteak, Goizeresi txistulari taldeak, Goieniz zine klubak, Loinatz abesbatzak eta Beasaingo Odolki kofradiak hartuko dute parte Udazken Kulturalean. Era berean, Goikusen, Aldaberen eta parrokiaren kolaborazioa eskertu dute.
Artolak Beasaingo Udalak kulturarekin duen konpromisoa azpimarratu du. “Pandemia aurreko dinamika berreskuratzea da gure helburua. Izan ere, kultur sektorea bera eta sektoreko profesionalak babestu nahi ditugu, krisi honen ondorioz egoera makurrean daudelako”. Udal gobernuaren “ardatz estrategiko nagusienetakoa” dela gaineratu du.