Alex Aranburu, Movistarrera
Hurrengo hiru denboraldietarako (2022-2024) sinatu du ezkiotarrak Movistarrekin. 'Ilusio handiarekin' ekingo dio etapa berriari.
Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarra Movistar taldean ariko da datorren denboraldian. Astana taldea utzi eta hurrengo hiru urteetarako kontratua sinatu du talde berriarekin, 2022-2024 eperako. Muria, Caja Rural eta Astanan izan ondoren, laugarren taldea izango da Aranbururentzat.”Taldeko jende dezente ezagutzen dut eta giro ona izango dugula uste dut. Ilusio handiarekin ekingo diet hurrengo hiru denboraldiei. Txirrindulari eta pertsona bezala handitzen segi nahi dut eta urtero hobetzen jarraitzea espero dut, denon artean gauza politak lortzeko”, adierazi du ohar batean ziklistak.
Denboraldi bikaina egin du Aranburuk aurten. Euskal Herriko Itzuliko etapa batean irabazle, seigarren Omloop Het Nieusblad-en, zazpigarren Milan-San Remon, lehen hamarren artean Dauphine-ko lau etapatan eta Tourreko beste bitan. Munduko txapelketan ere izan da hil honetan, nahiz eta karrera utzi behar izan zuen erorketa baten ondorioz.
Udan zabaldutako zurrumurru baten arabera, Gorka Izagirrek ere Movistarrekin fitxatu dezake hurrengo denboraldirako, baina oraingoz ez dute halakorik baieztatu.