Bideokamera instalatuko dute Errekabarrena auzoko zabor bilketa eremuan
Ezkio-Itsasoko Udalak eta Sasieta Mankomunitateak hala adostuta, bideokamera bat instalatuko dute Errekabarrena inguruko zabor bilketa eremua kontrolatzeko. Bi entitateek sinatutako ohar batean adierazi dutenez, «onartezinak» diren jarrerak izan dituzte zaborraren harira hainbat bizilagunek, eta horri konponbide bat emateko jarriko dituzte kamerak.
Azken urteetan «ikaragarrizko ahaleginak» egin dituzte azaldu dutenez zabor bilketa zerbitzua hobetzeko, baina Errekabarrena auzoko zabor bilketa eremuko egoera salatu nahi izan dute, egoerak okerrera egin duela eta: «Saiatu gara gai hau oharren eta sentsibilizazio kanpainen bitartez bideratzen, baina ikusten dugu iritsi dela momentua beste neurri zorrotzagoak hartzen hasteko». Horrela, bideokamera jarriko dute aipatutako eremu horretan eta «arau-hausleei espediente zigortzaileak irekitzen» hasiko dira.
Ezkioko Udaleko webgunean zabaldu dute oharra, eta argazki bat ere atxikitu dute herritarrek egoera zein den ikus dezaten. Gehitu dute, «orokorrean herritarrek betetzen dituztela arauak», eta birziklagarbiguneak txukun edukitzen laguntzeko deia zabaldu dute. «Badakigu gutxi batzuen jarrerengatik daukagula arazo hau. Eskerrak emateaz gain, zuen laguntza eskatzen da zerbitzua hobetzeko».













